Mundua -
Italiaren askapen eguna
Parlamentuko eskuina faxismoaren nostalgiarekin bateraezina dela dio Meloni ultraeskuindarrak
Hala adierazi du lehen ministroak, bere alderdikideetako batzuek Italiako Konstituzioa antifaxista dela ukatu ostean, herrialdeko Askapen Egunarekin bat eginez.
agentziak | eitb media
Giorgia Meloni Italiako lehen ministro ultraeskuindarrak esan du eskuineko alderdi parlamentarioak "faxismoaren edozein nostalgiarekin bateraezinak" direla. Hala adierazi du gaur, apirilak 25, Corriere della Sera egunkarian argitaratutako gutun baten bidez, Italiako Askapen egunarekin bat eginez.
Adierazpenok egunotan piztu den polemikaren eskutik datoz; izan ere, Italiako Anaiak alderdiko kide batzuek, Senatuko presidente Ignazio La Russak, besteak beste, esan dutenez, Italiako Konstituzioa ez da "antifaxista".
Ondorioz, Italiako partisanoen elkarteak (ANPI) —nazien okupazioaren eta faxismoaren aurka borrokatu zirenak— "antifaxista" dela publikoki esateko eskatu zion Italiako Gobernuari atzo.
Italiaren Askapenaren egunarekin bat eginez, Melonik bere adierazpenekin "urteurren hau harmonia nazionalaren berraurkikuntzaren une" bihurtu nahi izan du.