Mundua -
Ukrainako gerra
Wagnerrek Bakhmuten jarraituko du, Errusiako Garaipen Egunik zailenaren aurrean
Ukrainako hirian borrokan jarraitzeko beharrezkoak diren armak eta munizioak agindu ditu Moskuk.
Agentziak | EITB Media
Wagner taldeko mertzenarioak Bakhmuten geratuko dira oraingoz, Moskuk Ukrainako hirian borrokan jarraitzeko beharrezko armak eta munizioak agindu ondoren. Etxean diren errusiarrek urrun dute liskar hori, azken urteetako Garaipenaren Egunik zailena baitute aurretik.
Gerra hasi zenetik igaro diren 15 hilabeteetan, asteartekoa Alemania naziaren aurkako sobietarren garaipenaren lehen eguna izango da, Vladimir Putin presidenteak irailean 300.000 erreserbista partzialki mobilizatu zituenetik. Hori dela eta, ehunka mila errusiarrek seme-alabak, suhiak eta bilobak dituzte frontean borrokan.
Horiei gehitu behar zaizkie kontratua duten milaka soldaduak, 18.000 boluntarioak eta Wagner taldeak errekrutatutako 50.000 presoak.
Mediazona hedabide independenteak eta BBC katearen zerbitzu errusiarrak eskelak eta beste datu publiko batzuk baliatuta ondorioztatu dutenez, 2022ko otsailaren 24tik 22.055 militar hil dira, baina kopuru horrek "ez du galeren benetako datua islatzen", ohartarazi dute.
Errusiak ez du irailetik erorien daturik argitaratu, eta 5.937 hildako onartu zituen orduan. Ukrainak emandako datuen arabera, berriz, 193.430 errusiar hil dira borrokan gerraren 438 egunetan.