Mundua -
Ez-ohiko Gobernu Bilera
Sailburuei abuztuak 21ean Euskadin egoteko eskatu die Patxi Lopezek
Helburua, ez-ohiko Gobernu Bilera egitea litzateke, Lehendakaritzako iturriek Euskadi Irratiari azaldu diotenez.
Oihane Yustos
Patxi Lopez lehendakariak Jaurlaritzako sailburu eta goi-karguei abuztuaren 21ean Euskadin egoteko agindua eman die, Euskadi Irratiak jakin ahal izan duenez. Helburua, ez-ohiko Gobernu Bilera egitea litzateke, Lehendakaritzako iturrien arabera.
Lakuako iturri horien arabera, ez-ohiko bilera horrekin ez da ulertu behar lehendakariak hauteskundeak aurreratzeko erabakia iragarriko duenik.
Iturri horien arabera, Jaurlaritzak Mariano Rajoyren murrizketa gehiago espero ditu. Egoera ekonomikoa “zaila eta larria” dela adierazi dute Lehendakaritzatik, eta Jaurlaritzak ez du "geldirik" egon nahi.
Horrez gain, abuztuaren 21erako Ekonomia Sailak Euskadiko diru-bilketaren datua iango du, zerga nagusiak barne eta, hortaz, finantziazio aukerari buruzko "argazki orokorra" osatuta izango dute.
Abuztuaren 21ean Gobernu Bilera egitea oraingoz "aukera" bat da, "ez dago erabat itxita", baina aukera "bideragarria dirudi". Gobernu Bilera astebete aurreratzea suposatuko luke erabaki horrek.
Hala ere, Lehendakaritzatik azpimarratu dute ez-ohiko bilera horren eta EAEko hauteskundeak aurreratzearen artean loturarik ez dagoela. "Ez dago halakorik, egoera ekonomikoak behartuta egingo da batzarra", azaldu dute.