Mundua -
Profila
László Csátary, munduko ustezko kriminal nazirik bilatuena
Nazioarteko kritika eta presioak jaso ondoren, bizirik geratzen den munduko kriminal nazirik bilatuena atxilotu duela ezagutarazi du Budapesteko Fiskaltzak.
Erredakzioa
Nazismoan gerra krimenak egiteagatik Budapesten atxilotu duten László Csátary hungariarra Eslovakia ekialdean zegoen kontzentrazio zelai bateko arduraduna izan zen 1944. urtetik aurrera. Zelai horretatik Auschwitzera 15.000 judu baino gehiago bidali zituzten.
1915ean jaioa, gaur atxilotutako gizona Kosiceko Hungariar Poliziaren komandante izan zen 1944an, hain justu nazien aldeko eregimenak gobernatzen zuen garaian.
Kanadako Justiziaren datuen arabera (susmagarria bertan bizi izan zen 1997ra arte, gezurrezko izen batekin), Csátaryk Kosicen bizi ziren juduen zerrendak egin eta horien bilaketak zuzentzen zituen.
Csátaryren zuzeneko ikuskapenarekin, Polizia Hungariarrak juduak atxilotu eta guetto batera bidaltzen zituen 1944an. Horietako 15.700 Auschwitzera bidali zituzten.
Kanadara ihes
1945urtean aliatuak heldu zirenean, akusatuak Kosicetik alde egin behar izan zuen, garai hartako Txekoslovakiako Justiziak heriotza zigorrera kondenatu baitzuen.
Dena den, Csátaryk 1949an Kanadara ihes egitea lortu zuen, Jugoslaviako errefuxiatu bat zela argudiatuz. 1955ean amerikako herrialde horretako nortasuna lortu zuen.
1997an, kanadiar agintariek bertako nortasuna kendu zioten bere iraganaz gezurra esan zuela konturatu zirenean.
Atxilotzeko presioa
Poliziak deportatu aurretik, Csátaryk Canada utzi eta Budapestera ihes egitea lortu zuen. Hiri horretan bere benetazko izenarekin bizi izan zen, nahiz eta Kanadiar Justiziak kriminal nazi baten antzera identifikatu. Nazioarteko kritika eta presioak jaso ondoren, hungariar Justizia martxan jarri eta bizirik gertazen den munduko kriminal nazirik bilatuena atxilotu duela ezagutarazi du Budapesteko Fiskaltzak.