Mundua -
Tiroketa Denverren (AEBetan)
Poliziak tiroketaren egilearen etxeko lehergaiak eztandaraziko ditu
Jean Eagan Holmes astelehenean eramango dute epailearen aurrera. Tiroketan 12 lagun hil ziren. Ondorioz, Obamak bost dolu egun deitu ditu.
Erredakzioa
Denverren (AEBetan) ostiral honetan zinema-areto batean jazotako tiroketaren egilearen etxean Poliziak aurkitu dituen lehergaiak eztandaraziko dituzte. Gainera, Jean Eagan Holmes astelehenean eramango dute epailearen aurrera.
Halaber, Poliziak gaztearen etxebizitza miatu du, eta Interneten erositako 6.000 bala eta lehergailuak egiteko material ugari atzeman ditu, Dan Oates Aurora herrialdeko poliziaburuak aditzera eman duenez.
Bertako Poliziak armategi handia atzeman du Holmesen etxean: Interneten erositako 6.000 bala, errifleentzako hainbat kargadore, metrailadore zehatz batzuentzako danbor borobila eta kable kopuru handia, tranpak egiteko burdin haria, munizio ugari ontzietan eta likidoz betetako hainbat pote.
Poliziaburuak azaldu duenez, "ez dugu horrelakorik inoiz ikusi". Hala ere, Oatesek esan duenez, "legeari so eginez" lortu zituen Holmesek arma guztiak.
Arma kopuru handia aurkitu dutenez, tiroketaren egilea bizi zen eraikina eta ondoko bost etxebizitzak hustu dituzte. Poliziaren arduradunak azpimarratu duenez, Holmes "bakarrik bizi zen". Momentuz, Poliziaren egoitzan atxilotuta jarraitzen du. "Poliziak ez du atxilotuaren argazkia zabalduko", ohartarazi du Oatesek.
Hamaika zauritu, oso larri
Ostiral honetan izandako tiroketan 12 lagun hil eta beste 70 zauritu dira. Horietatik, 11 oso larri daude, John Hickenlooper Coloradoko gobernadoreak azaldu duenez.
Poliziaburuak Holmesen oldarkortasuna azpimarratu du. Izan ere, tiro batzuk ondoko eraikin batzuetara iritsi ziren, eta, ondorioz, zinema-aretoaren ondoan bizi den herritar batek bala bat jaso zuen eta, egun, ospitaleratuta dago, CBS AEBetako telebista-kateak jakinarazi duenez. "Edonork tiroren bat jaso zuen", azaldu du kate honek.
Obamak bost dolu-egun jarri ditu
Barack Obama Estatu Batuetako presidenteak bost dolu egun deitu ditu. "Gertaera horren biktimentzako errespetuaren sinbolo bezala" Obamak Estatuko eraikinetako banderak mugitzea eskatu du, Etxe Zuritik jakitera eman dutenez.