Mundua -
Konpainia bizkaitarra
Joe Biden AEBko presidenteak Ingeteam euskal enpresak Milwaukeen duen lantegia bisitatu du
Datorren urtean AEBko sektore eolikorako sorgailuen eskaera bikoiztea aurreikusi du konpainiak.
Agentziak | EITB Media
Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Ingeteam euskal enpresak Milwaukeen (Wisconsin) duen lantegia bisitatu du. Bertan, Bizkaian egoitza duen konpainiak sektore eolikorako sorgailuak, eguzki inbertitzaileak eta energia biltegiratzeko gailuak ekoizten ditu, baita ibilgailu elektrikoen kargagailuak ere.
Bidenen bisita presidenteak estatu horretara egin duen bidaiaren barruan kokatu dute, Inflazioa Murrizteko Legearen (Inflaction Reduction Act, IRA, ingelesez) lehen urteurrenarekin lotutako aurrerapenak bertatik bertara ezagutzeko. Lege horren bidez, Wisconsinek enplegua eta energia garbien inbertsioa handitzea lortu du.
Testuinguru horretan, Ingeteametik gogorarazi dute konpainia Milwaukeeko ekoizpena bultzatzen ari dela, "Bidenen Administrazioak iragarritako ibilgailu elektrikoko kargagailuen eskari handiari erantzuteko".
Bidenek bertatik bertara ezagutu du Ingeteameko lantegia, eta Alex Belaustegui Ingeteameko Garapen Korporatiboko zuzendariak, Davis Sole Ingeteameko zuzendari nagusiak eta Mark Obradovich Ingeteameko AEBko zuzendariak egin diote harrera.
Milwaukeeko lantegia ireki zuenetik, Ingeteamek 4.000 sorgailu baino gehiago fabrikatu ditu sektore eolikorako, eta 2,5 GW ekoitzi eta biltegiratzeko teknologia merkaturatu du AEBn.
Datorren urtean AEBko sektore eolikorako sorgailuen eskaera bikoiztea espero du Ingeteamek, Bidenek duela urtebete abiatutako Inflazioa Murrizteko Legearen pizgarriei esker.