AEB-ko Hauteskundeak -

DENVERREKO SARRASKIA

Hautagaiek ez dute armei buruz hitz egin nahi

AEBetan Denverreko hilketaren pareko eraso bat gertatzen den bakoitzean, su-armen inguruko eztabaida publikoa berpizten da. Bi hautagaiek ez dute adierazpenik egin gai korapilatsu horren inguruan.

Obamak bost eguneko dolua ezarri du Denverreko tiroketaren ondorioz. Argazkia: EFE
Obamak bost eguneko dolua ezarri du Denverreko tiroketaren ondorioz. Argazkia: EFE
Obamak bost eguneko dolua ezarri du Denverreko tiroketaren ondorioz. Argazkia: EFE

N.GONZALEZ

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Denverreko sarraskian 12 pertsona hil ziren eta 59 zauritu. Gertakizunak eztabaida berpiztu du estatubatuarrek su-armak edukitzeko eskubideari buruz. AEBetako Konstituzioaren bigarren zuzenkizunaren arabera, estatubatuar guztiek armak izateko eskubidea dute. Gainera, Auzitegi Gorenak beti babestu du eskubide hori. Izan ere, ez du inoiz zuzenkizuna moldatzeko proposamenik onartu.

Hilabete gutxi falta dira Presidentetzarako hauteskundeak izateko. Hautagaiek, Romneyk eta Obamak, biktimak kontsolatu dituzte eta sarraskia kondenatu dute Coloradon; hala ere, ez bata ez besteak, ez dute armen jabe izateko legeari buruzko adierazpenik egin.

AEBetan, 300 milioi su-arma baino gehiago daude herritarren esku, eta estatubatuar gehienak (hamarretatik zortzi) armak erabiltzearen alde daude.

Michael Bloombergek, New Yorkeko alkateak, gaiaren aurrean bi hautagaiak isilik gelditu izana kritikatu du, eta su-armen erabilpenaren inguruko eztabaida kanpainaren gai izateko eskatu die hautagaiei. Bloombergek adierazi duenez, "agian AEBetako presidente izan nahi duten bi pertsonek zentzu horretan zer egiteko asmoa duten adierazteko unea da, herrialde osoa kezkatzen duen arazoa delako".

Obamaren agintaldian, ez dute su-armen jabetza edota armen jabetza mugatzen duen legerik onartu.

Hautagai errepublikanoa egoera aldatzearen alde agertu zen Massachusettseko estatuan gobernadore zenean, 2004an. Romneyk su-armen jabetza debekatu zuen, estatuan, baina, aldi berean, su-armak izateko lizentzia errazago lortzea ahalbidetzen zuen legea sinatu zuen. Gaur egun, Mitt Romney Erriflearen Elkarte Nazionaleko (NRA) kidea da. Elkarteak eragin handia du gizartean, eta Alderdi Errepublikanoaren alde egiten du beti hauteskundeetan.

Oraingoz, bi hautagaiak ez daude estatubatuarrei armak legez debekatzearen alde. Une honetan, kontrako jarrera bat erakusteak eragin negatiboa izan dezake boto-asmoari begira, adibidez, Ohio, Pennsylvania eta Virginiako estatu klabeetan su-armak izateko eskubidearen alde daudelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea