Mundua -
migrazioa
Mauritaniak baztertu egin du 170 pertsona migratzaileak porturatzea, eta Senegalera eramango dituzte
Espainiako 'Rio Tajo' ontziak lau egun zeramatzan Nuadibuko badian ainguratuta, Mauritaniako agintariek baimena noiz eman zain. Ezezkoa jasota, Senegalera bidean dago orain ontzia, eta gaur heltzea espero da.
Agentziak | EITB MEDIA
Mauritaniak baztertu egin du Espainiako ontzi baten barruan dauden 170 pertsona migratzaileak bere herrialdean porturatzea. Rio Tajo ontziak (Guardia Zibilarena da) lau egun zeramatzan Nuadibuko badian ainguratuta, Mauritaniako agintariek lehorreratzeko baimena eman zain.
Espainiako Gobernuko iturriek jakinarazi dutenez, Barne Ministerioak "egin beharreko kudeaketak egin ditu une oro", baina azkenean, Mauritaniaren ezezkoa jasota, erreskatatutako pertsonak Senegalera itzularaztea ebatzi du. Ontzia atzo arratsaldean jarri zen hara bidean, eta gaur heltzea espero da.
Ontziko egoera "lasaia da, zailtasunaren barruan". Atzo erreskatatuek senitartekoei txandaka deitzeko sistema jarri zuen martxan Guardia Zibilak. Gainera, Nuadibutik janaria eta baliabideak helarazi zaizkie, "etengabe".
Itsasoko Gurutze Gorriak tapakiak eta bestelako tresnak bidali dizkie, gainera. Pertsona migratzaileek osasun arreta jaso dute, batez ere erreskatatutako batek (deshidratazio larria zeukan itsasotik atera zutenean). Bero-kolpea izandako pertsonak eta paterako bidaian min hartutakoak ere artatu dituzte.
Ontzigainean eguzki-oihalak paratu dituzte, eta ontziak nabigatzen jarraitu du brisa egon zedin.
Barne Ministerioak aitortu duenez, lau egunetan "tentsio uneren bat" izan da, eta agenteek tiroak egin zituzten airera egoera kontrolpean hartzeko.
2017tik lehen aldiz egin dio uko Mauritaniak erreskatatuak hartzeari. Bi herrialdeek hitzarmena dute duela 10 bat urte. Horren arabera, "migratzaileak, euren nazionalitatea edozein dela ere, portuetara itzultzeko eskubidea du Espainiak, Mauritaniako kostaldetik irten edo igaro badira". Ezezkoari garrantzia kendu dio Barne Ministerioak, eta Mauritaniarekin dituen harremanak "bikainak" direla azpimarratu zuen igandean; "horren erakusle" da 2021ean 55 ontzi heldu zirela Kanarietara, baina iaz bost izan ziren, aurten bezala.