Mundua -
Ekialde hurbila
Palestinak ohartarazi du Israelen defendatzeko eskubidea aldarrikatzeak sarraskiak justifika ditzakeela
Bestalde, Israelek bitartekari lanak egiteko eskatu dio Egiptori, Hamasek bahituta dauden israeldarrak askatzen laguntzeko.
agentziak | eitb media
Palestinako Atzerri Gaietarako Ministerioak salatu du Hamasek Israelen aurka egindako erasoak nazioartean eragin dituen erreakzioek errealitatea desitxuratzen dutela, ez dutelako kontuan hartzen Israelen kontraerasoak "palestinarren artean utzi dituen biktimak eta txikizioa".
Palestinako agintariek jakinarazi dute oraingoz 313 direla hildakoak eta 2.000 zaurituak, Israelgo Armadak Gazan azken 24 orduetan egin duen operazioaren ondorioz.
"Horietako asko zibil babesgabeak ziren, eta Ministerioak galdera egiten du: non daude nazioartearen erreakzioak horren aurrean", adierazi du gaur kaleratutako ohar batean.
Ministerioak uste du Israelen autodefentsarako eskubidearen aldarrikapenak "nazioarteko baimena" ematen diola Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari sarraskiak egin ditzan, eta horrek nazioarteko komunitatea "krimenen konplize" egiten duela.
Israelen eta Palestinaren artean piztutako gerrak nazioartea jo du
Era berean, "zigor kolektiboak" salatu ditu Ministerioak, Israelek Gazari argindar hornidura kentzea erabaki duelako "herritarrak goseak hiltzeko helburuarekin".
Israelek bitartekaritza eskatu dio Egiptori
Bestalde, Israelek bitartekari lanak egiteko eskatu dio Egiptori, Hamasek bahituta dituen israeldarrak askatzen laguntzeko, eta horrela gatazka baretu ahal izateko.