Mundua -
HAUTESKUNDEAK
Argentinan hauteskundeak dituzte igande honetan, Javier Milei ultraren hautagaitza tartean dela
130 diputatu, 24 senatari eta tokian tokiko kargu batzuk hautatuko dituzte, baina presidenterako hauteskundeek sortu dute interes handiena, nahiz eta litekeena den azaroaren 19ko bigarren itzulira itxaron behar izatea.
agentziak | eitb media
Igande honetan 35 milioi argentinar daude hauteskundeetan parte hartzera deituta. 130 diputatu, 24 senatari eta eskualdeetako kargu batzuk hautatuko dituzte, baina presidenterako hauteskundeek eragin dute interes handiena. Gainera, aspaldiko partez, hirugarren bide bat ireki da hautagaien artean, Javier Milei ultranazionalista batu baitzaie presidentegai peronistei eta kontserbadoreei.
Argentinak presidente berria izango du, Alberto Fernandez presidenteak uko egin baitio berriro aurkezteari. Litekeena da presidentea hautatzeko hauteskundeek bigarren itzulia behar izatea azaroaren 19an, igande honetako hauteskundeen irabazleak botoen % 45 edo % 40 baino gehiago eta hurrengoari 10 puntuko aldea lortu beharko lituzkeelako hori ez gertatzeko. Inkestek, baina, ez dute inondik inora halakorik aurreikusten.
Javier Milei Libertad Avanza alderdiaren hautagaiak libertariotzat du bere burua. Abortuaren aurka dago, eta zalantzan jartzen du azken diktaduran 30.000 pertsona desagerrarazi zituztela dioen zifra ofiziala. Presidente hautatuz gero, Estatuari ahal duen botere guztia kenduko diola hitzeman du, eta Argentinako ekonomia dolarretan oinarritu nahi du.
Mileiren aurkarietako bat Segio Massa izango da, Argentinako Gobernuko egungo Ekonomia Ministroa, Union por la Patriaren hautagaia. Langile klaseari zuzendu zaio kanpainan, hor baititu boto-emaile gehien, eta aldaketak agindu ditu.
Patricia Bullrich da hirugarren hautagai nagusia. Mauricio Macriren Gobernuan Segurtasun ministro izan zena gazte peronistetan ibili zen, baina orain Juntos por el Cambio alderdiko kide gogorrenetakoa omen da. Horrek ere boterea kendu nahi dio Estatuari, baina ez Mileik beste.