Mundua -
Krisi humanitarioa Palestinan
Gaixotasunak, desplazamenduak, heriotza eta suntsipena: palestinarren errealitate jasanezina
Barizela, sarna eta beherako kasuak ugaritu egin dira, higiene-baldintza txarrek eta ur ez edangarriaren kontsumoak eraginda. Gazako etxebizitza-eraikinen % 42k bonben ondorioak jasan dituzte. Gainera, 1,4 milioi barne-desplazatu daude Gazan.
Olatz Prat | EITB Media
Israelek Gazako Zerrendaren gainean duela bi aste hasitako setioak ehunka mila herritar palestinarren egunerokoa baldintzatzen du goitik behera. Ia denak dira zibilak, eta milaka eta milaka, haurrak, armadekin, talde armatuekin edo miliziekin zerikusirik ez dutenak.
Edozein gerratan bezala, Palestinan ere, izan Gazan zein Zisjordanian, biztanleria zibila da gerraren ondorioak modurik zuzenean eta gordinenean pairatzen dituena.
Ondoriorik latzena eta, halabeharrez, atzera-bueltarik ez duena, zalantzarik gabe, heriotza da. Urriaren 7tik, 4.385 lagun hil dira Gazan, horietatik 1.756 haurrak, eta Zisjordanian 84 dira hildakoak. Horiek, baina, 1988ko lehen intifadatik Palestinan hil direnen zerrenda luzeari gehitu behar zaizkio. B'Tselem Israelgo gobernuz kanpoko erakundearen arabera, 11.652 pertsona hil dira Palestinan gatazkaren ondorioz. Denbora tarte berean, 1.766 israeldar hil dira, eta horiei urriaren 7tik milizia palestinarren erasoen ondorioz hil diren 1.400 pertsonak gehitu behar zaizkie.
Gainera, zaurituak 13.561 dira Gazan eta 1.653 Zisjordanian, NBEko Gai Humanitarioak Koordinatzeko Bulegoak igande honetan kaleratutako datuen arabera.
Ondorioz ospitaleak gainezka daude, eta egoera are jasangaitzagoa egiten du argindarrik gabe, urik gabe eta ia sendagairik gabe egoteak, Israelen erasoen etengabeko mehatxupean, gainera. Munduko Osasun Erakundeak salatu du osasun instalazioen aurkako 62 eraso izan direla, besteak beste, asteartean Ahli Arab ospitalearen aurka egindakoa; zazpi ospitale dira jada gelditu behar izan dutenak (lau ziren astearen hasieran). Hainbat mediku eta osasun-langile hil dira erasoetan.
Txostenaren arabera, Israelgo indarrek Gaza hiriko eta Rafahko 17 ospitaleak ebakuatzeko agindua eman dute, baina erietxe horiek ez dute agindua bete, eginez gero gaixo batzuen bizitza arriskuan jarriko luketela iritzita.
Gaixotasunak
Egoera horrek beste albo-kalte batzuk ere baditu, besteak beste, gaixotasunak. Gazako osasun-zerbitzuen arabera, barizela, sarna eta beherako kasuak detektatzen hasi dira, baldintza higieniko txarrek eta ur ez edangarriaren kontsumoak eragindakoak, NBEko Gai Humanitarioak Koordinatzeko Bulegoaren arabera.
Gazako egoerari buruzko eguneroko txostenean zehaztu dutenez, kasu horiek ugaritzeko beldur da NBE, Israelek duela 11 egunetik erabat moztuta duen argindar hornidura berrezarri edo sorgailuak elikatzeko erregai gehiago iritsi ezean.
NBEren hitzetan, palestinar batzuk, beste aukerarik ez dutenez, nekazaritza-erabilerako putzuetako ur gazia kontsumitzen ari dira, eta horrek kolera agerraldiak eragin ditzake, baita osasunerako hainbat arrisku sortu ere, hipertentsio-mailak handitzea, bereziki haurtxoen, haurdun dauden emakumeen eta giltzurrun-arazoak dituzten pertsonen kasuan esaterako.
Txostenean, NBEk txalotu egin du Gazara larunbat honetan sartu den laguntza humanitarioa, baina ohartarazi du laguntza hori Palestinako lurraldera egunero sartu ohi den elikagaien, botiken eta oinarrizko beste hornikuntza batzuen % 4 baino ez dela.
Behartutako desplazamenduak
Gazako Zerrendako Etxebizitza Ministerioaren arabera, Zerrendako 164.000 etxebizitza, lurraldeko guztien % 42, "partzialki edo erabat suntsituta" geratu dira Israelek urriaren 7an bonbardaketak hasi zituenetik.
Israelen erasoek "erabat suntsitu" dituzte 5.635 etxebizitza-eraikin, hau da, 15.100 etxe, guztira. Beste 139.000 etxe partzialki kaltetu dira, eta horietako 10.656 ez daude bertan bizitzeko moduan, Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoak (OCHA) egindako balantzearen arabera.
NBEren bulego horren hitzetan, Israelen bonbardaketak hasi zirenetik, 1,4 milioi pertsona daude Gaza barruan desplazatuta, eta gutxienez 566.000 errefuxiatu daude Errefuxiatu Palestinarrentzako Nazio Batuen Agentziak (UNRWA) prestatutako eremuetan babestuta.