Mundua -
Gaza, erasopean
Palestinako Aginte Nazionalak Gazako Zerrendaren etorkizunean giltzarri izan beharko lukeela dio Blinkenek
Mahmud Abbas Palestinako presidenteak Gazaren gaineko bonbardaketak "berehala amaitzeko" eskatu dio, eta Gaza Palestinako Estatuaren "zati integrala" dela gogorarazi dio. Horregatik, APk Gazako gobernuan edozein zeregin izatea akordio zabalago baten parte izan beharko litzatekeela esan dio.
Agentziak | EITB Media
Antony Blinken AEBetako diplomazialari gorenak adierazi du Palestinako Aginte Nazionalak (AP) paper nagusia bete beharko lukeela Gazako Zerrendaren etorkizunean.
Israel Gazan egiten ari den bonbardaketek eragin duten tentsio oldearen aurrean giroa baretu nahian, Jordanian, Ammanen, Abdala II.a erregearekin bildu da aurrena, Israelgo kontrolguneetatik igaro ondoren, Zisjordaniara joan da, Ramallah hirira, Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmoud Abbasekin biltzeko, eta, ondoren, Irakera iritsi da.
Hamasek urriaren 7an Israelen aurka egindako eraso bortitzetan 1.400 pertsona hil eta 240 baino gehiago bahitu zituztenetik eskualde horretara egiten duen bigarren bisita izan da gaurkoa. Eraso horien ondotik hasitako bonbardaketetan, 9.770 palestinar hil ditu Israelek, horietatik ia 4.000 haurrak.
Bagdaden eman duen prentsaurrekoan, Blinkenek esan du palestinarren iritziak, ahotsak eta nahiak "erdigunean" egon behar direla Gazaren etorkizunari buruzko elkarrizketetan.
Baina Blikenek ezezkoa eman dio atzo nazio arabiarrek eskatutako su-etenari. "Etenaldi humanitarioak egon daitezen lanean" ari direla esan du, baina Israelek irmo egiten dio uko aukera horri, bahituak askatu ezean.
Gatazka eskualdeko beste lurralde batzuetara zabaltzen ez dela bermatzeko lan diplomatikoa egiteaz gain, AEBko buruak eztabaida abiatu nahi du, Israelek helburua bete eta Hamas erabat suntsitu ondoren Gaza gobernatzeko moduari buruz.
Blinkenek Abbasi esan dionez, Washingtonek uste du Palestinako Agintaritzak izan beharko lukeela "paper nagusia" Gazan, "jarraian datorrenerako". AEBko iturriek azaldu dutenez, Abbasek Blinkeni erantzun dio Gaza palestinarrek nahi duten Estatuaren "zati integrala" dela, eta, APk Gazako gobernuan edozein zeregin bere gain hartzeko, gatazka historiko honen konponbiderako akordio zabalago baten parte izan beharko litzatekeela neurri hori.
"Gure erantzukizunak erabat onartuko ditugu, Zisjordania osoa, Jerusalem ekialdea eta Gazako Zerrenda aintzat hartzen dituen irtenbide politiko integral baten baitan", esan du Abbasek WAFA albiste agentziak zabaldu duenez.
Ordubeteko bilera
Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak "berehalako" su-etena lortu dezala eskatu dio Antony Blinken AEBko estatu idazkariari.
"Nola egon gaitezke isilik hamar mila palestinarren aurkako sarraskiaren aurrean, lau mila haur tartean direla? Dozenaka mila zaurituren eta milaka etxebizitza, azpiegitura, ospitale, babes-zentro eta ur-tankeren suntsiketaren aurrean?", galdetu du.
Gazan laguntza humanitarioaren hornidura bizkortzea eskatu du Abbasek, eta Gazan, Zisjordanian eta Jerusalemen herritarren bortxazko desplazamendua "erabat" deitoratu du.