Mundua -
Herrialde komunista
Vietnamek Gay Harrotasun Eguna ospatu du lehen aldiz
Hainbat lagun bildu dira Vietnameko kaleetan lesbianen, gayen eta transexualen eskubideen aldeko martxan parte hartzeko. Poliziak ez du desfilea galarazi, eta eguna arazorik gabe igaro da.
Erredakzioa
Vietnamek Gay Harrotasun Eguna ospatu du lehen aldiz. Gauzak horrela, hainbat lagun bildu dira Vietnameko kaleetan, globoekin eta ortzadar-koloreko banderekin jantzita, (LGBT) lesbianen, gayen, bisexualen eta transexualen eskubideak aldarrikatzeko.
Poliziak ez du desfilea galarazi, eta eguna arazorik gabe igaro da. Herrialde komunista honetan LGBTek osatutako elkarte txikia da, baina gero eta kide gehiago dira.
Sexu berdineko lagunen arteko ezkontza legeztatzea eztabaidatzeko unea dela esan zuen Justizia ministroak duela egun batzuk. "Egun, homosexualen eskubideei arreta handiagoa eskaini ohi zaie", adierazi du Le Minhek, 21 urtekoa. "Ezkontza homosexualaren gaineko eztabaidak izan ziren azken Batzorde nazionalean", azpimarratu du.
Vietnamen Konfuzioren morala da nagusi, eta familiarekin eta tradizioarekin lotutako baloreak, besteak beste, dituzte hizpide. Ondorioz, homosexualitatea tabua da oraindik, eta homosexualak gaixoak izango balira irudikatzen dituzte.
Poliziak desfilearen ibilbidea aldatu du, joan den igandean Txinaren aurkako manifestazio batean izandako istiluak izan ziren zonaldea saihesteko. "Ez dugu martxa egiteko baimenik eskatu, baina eskatu izan bagenu, ez genuke hura lortuko", nabarmendu du desfilean izan den Van Anhek.