Mundua -
AEBetan
7 pertsona hil dira Milwakeeko tenplu sij batean, tiroketa batean
Poliziak lau hilotz aurkitu ditu tenpluaren barruan eta beste hiru kanpoan, tartean erasotzailearena. Oraindik ez dago argí erasoa zerk eragin duen.
Erredakzioa
Gutxienez zazpi pertsona hil dira Milwakeeko kanpoaldean, Wisconsinen, dagoen sij tenplu bateko tiroketan, bertako Poliziak aditzera emandakoaren arabera. Zaurituak 20 bat inguru dira.
Bradley Wentlandt Greenfieldeko konterriko Polizia buruaren arabera, tenpluaren barruan lau hilotz aurkitu dituzte, eta beste hiru kanpoan, tartean tiratzailearena.
Wentlandten hitzetan, Poliziak 17:25ean jaso du tiroketaren abisua, eta ahalik eta arinen joan dira Oak Creek izeneko auzora.
Tenplura iritsi direnean, erasotzaileak tiro egin die eta poliziek ere "tiroz erantzun diote", erasotzailea hil duten arte.
Lau hilotz tenpluan
Ondoren, agenteek lau hilotz aurkitu dituzte tenpluaren barruan eta beste bi kanpoan, erasotzailearenaz gain.
Tiratzailearen kontra tiro egin duen poliziak "hainbat zauri izan ditu, balek egindakoak, baina bere bizitza ez dago arriskuan", esan du Wentlandtek. Hala ere, ez du zauritu gehiago dauden ala ez zehaztu.
Momentuz, ez dago argi erasoa zergaitik gertatu den.
Zauritu batzuk, egoera kritikoan
Halaber, Lee Biblo Froedert Ospitaleko arduradunak iragarri duenez, bala zauriak dituzten hiru gizonezko hartu dituzte, eta hirurak egoera krikoan daude.