Mundua -
Hilketa Wisconsinen
Wisconsineko hiltzailea gerra-beterano bat omen da
CNNk erasotzaileak iragan militarra duela eta Afganistanen egon zela azaldu du. Gainera, ABCk dio “arraza zuriaren gailentasuna” defendatzen duen 'skinhead' bat dela.
Erredakzioa
AEBtako Milwakee estatuko hegoaldean dagoen Wisconsineko ‘sij’ tenplu batean gertatutako hilketaren ustezko arduraduna I-11ko tatuaje bat duen gerra-beterano zuri eta kaskamotz bat da, hedabide estatubatuarrek azaldu dutenez.
Zehazki, CNNk erasotzaileak iragan militarra duela eta Afganistanen egon zela azaldu du. Gainera, ABCk dio "arraza zuriaren gailentasuna" defendatzen duela.
Ven Boba Ri ‘Sij’ kongregazioko partaideak esan du erasotzailea ez zela komunitatearen parte, eta 'The Milwaukee Journal Sentinel' egunkariari emandako adierazpenetan "gorrotozko krimena" izan dela azpimarratu du. Ri tenplu barruan zegoen erasoa gertatu zenean, eta eraikinaren kanpoan zegoen pertsona bati eraso egin eta gero, hiltzailea eraikinera tiroka sartu zela azaldu du.
Geroz eta arma gehiago, geroz eta eraso gehiago
Wisconsineko estatuak Amerikako Estatu Batuetan dauden armen inguruko legerik permisiboenetarikoa dauka. Jagjit Singh Kaleka erasotutako komunitatearen presidentearen anaiak esan du ez dakiela erasoaren zergatia, "baina badakigu zenbat eta arma gehiago egon, geroz eta aukera gehiago daudela horrelako erasoak sufritzeko", gaineratu du.
AEBtan 500.000 sij bizi dira, eta Wisconsinen komunitate horretako 2.500 familiek dute beren bizilekua. Sij komunitatea musulmanekin nahasten dituzten erradilaken erasoez kexu da, batez ere 2001 urteko irailaren 11ko atentatuen ostean.