Mundua -
Gazan, erasopean
Sanchez Israelera eta Palestinara joango da ostegunean, inbestiduraren osteko nazioarteko lehen bidaian
Alexander de Croo Belgikako lehen ministroarekin batera joango da Sanchez, eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin eta Isaac Herzog herrialde horretako presidentearekin bilduko da; Palestinako lurraldean, berriz, Mahmud Abbas ANPko presidentearekin batzartuko da.
Agentziak | EITB Media
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Israelera eta Palestinara joango da ostegunean, nazioarteko lehen bidaian.
Alexander de Croo Belgikako lehen ministroarekin batera joango da Sanchez Jerusalemera, eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin eta Isaac Herzog herrialde horretako presidentearekin bilduko da; Palestinako lurraldean, berriz, Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearekin batzartuko da.
Espainiak du gaur egun EBko Kontseiluaren presidentetza, eta Belgikak hartuko du lekukoa urtarrilaren 1etik aurrera; beraz, bi buruzagiak Israelen eta Palestinan egoteak Europar Batasunaren jarrera helarazi nahi die bi herrialdeetako buruzagiei.
Elkarrizketak honako gai hauetan oinarrituko dira: zibil guztiak babestea, bahituak baldintzarik gabe eta berehala askatzea, laguntza humanitarioa Gazako Zerrendara iristea, Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa errespetatzea eta eskualdearentzat konponbide politiko iraunkorra bilatzea, bakean eta segurtasunean elkarrekin bizi diren Israel eta Palestina estatuetan oinarrituta.