Mundua -
Gaza erasopean
Israelek eta Hamasek akordioa ixtear dute aldi baterako su-eten bat egiteko eta bahituak askatzeko
Bost eguneko su-etena negoziatu omen dute, eta gerra piztu zenetik hilabete eta erdi igaro denean iritsiko litzateke. Guztira, 14.500 pertsona hil dira, gehienak adingabeak eta emakumeak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Hamas talde islamiarraren alde politikoko buru Ismail Haniyehk baieztatu du Israelekin bost eguneko su-etenerako akordioa lortzetik hurbil dagoela. Duela hilabete eta erdi piztu zen gerra, eta harrezkero 14.500 pertsona hil dira, gehienak Gazako Zerrendan.
"Qatarri eta bitartekariei gure erantzuna eman diegu, eta ituna lortzetik gertu gaude", esan du Haniyehk —urteak daramatza Qatarren erbesteratuta—, Telegram bidez argitaratu duen ohar labur batean.
Bestalde, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gerra kabinetearen eta Gobernu osoaren bilera deitu du astearte honetarako, talde islamistako presoak askatzearen truke "bahituak askatzea" aztertzeko. Halaber, balizko akordioaren parte gisa, Gurutze Gorriak bahituak bisitatuko dituela eta laguntza medikoa eskainiko diela ziurtatu du.
Israelgo hedabideei filtratutako informazioaren arabera, akordioaren baldintzek gutxienez 53 bahitu askatzea barne hartzen dute, gehienak haurrak eta haien amak, zifra 80ra zabaltzeko aukerarekin. Gainera, gutxienez lau eguneko su-etena aurreikusten du akordioak.
Bestalde, Israelek 150 preso palestinar aske utzi beharko ditu, gehienak emakumeak eta odol-delituengatik kondenatuta ez dauden adingabeak.
Gainera, Armadak Gazako Zerrendan egunero sei orduz ez hegan egiteko konpromisoa hartzen du, su-etena indarrean dagoen bitartean, Hamasi Jihad Islamikoa bezalako talde armatuen esku dauden bahituak aurkitzen uzteko.
Estimazio batzuen arabera, Hamasek 210 eta 240 bahitu artean ditu, eta Palestinako Jihad Islamikoak, berriz, 30 inguru.
Akordioak, halaber, prentsa hebrearraren arabera, 100 eta 300 kamioi artean Zerrendan sartzea ere jasoko luke, iparraldean barne, elikagaiekin eta laguntza medikoarekin, baita erregaia ere.
Era berean, Israelgo telebista publikoaren arabera, su-etena ostegunean hasiko litzateke.
Iragan urriaren 7an hasi zuen Israelek gerra, Hamasek egindako erasoaldiaren ostean. 3.000 milizianok egindako erasoak 1.200 hildako utzi zituen, eta 240 pertsona bahitu zituzten.
Kontraerasoan, Israelgo indarrek 13.000 pertsona hil dituzte Gazan, gehienak adingabeak eta emakumeak. Gainera, 6.500 lagun daude desagertuta, seguru asko hondakinen azpian.
Testuinguru horretan, nazioarteak presioa egin die su-etena hitzartzeko, eta joan zen astean NBEren Segurtasun Batzordeak adostu zuen erasoetan etenak ezartzea eta Gazan giza korridoreak antolatzea.