Mundua -
Egipto
Mursik presidentetzaren botereak berrezarri ditu, Armadaren kalterako
Presidenteordea izendatu eta Defentsa ministroa eta Armadako Estatu Nagusiko burua kendu ditu.
Erredakzioa
Mohamed Mursi Egiptoko presidenteak Armadako buruzagiak kargutik kendu ditu eta presidentetzako botereak berriro ezarri ditu, militarrek ekainaren 17an egindako aldaketa-proposamena indargabetuta.
Hain zuzen, Mursik hauteskundeak irabazi zituen ekainaren 17an, eta Egipton demokratikoki hautatutako lehen presidente zibila izatea lortuta.
Mohamed Mursik kargutik kendu ditu Mohamed Husein Tantawi Armadako Kontseilu Nagusiko burua eta Defentsa ministroa, eta Sami Enan Armadako Estatu Nagusikoa. Horrez gain, erretiroa hartzeko agindu die.
Biak presidentearen aholkulari izendatu ditu eta Niloko domina eman die, Egiptoko militarrek jaso dezaketen saririk handiena.
Izendatze berriak
Armadaren arabera, Mursik Tantawirekin eta Armadako ofizial nagusiekin hitz egin ondoren hartu ditu erabakiak.
Presidenteak Abdelatif Sisi izendatu du Denfetsa ministro eta Sidki Sobhi Estatu Nagusiko burua izango da, Yasir Ali bozeramaileak telebista publikoan irakurritako adierazpenaren arabera.