AEB-ko Hauteskundeak -
Kanpaina sarean
Sare sozialak: hauteskunde-kanpainaren pieza klabea
Hauteskunde-kanpaina eraginkor bat diseinatzeari begira, interneten joerak eta erabiltzaileek sare sozialetan idazten dituzten iritziak funtsezkoak bihurtu dira. Sarean, Obama da garailea.
Erredakzioa
2012ko AEBetako hauteskunde-kanpainan sare sozialak, lehen aldiz, funtsezko erreminta izango dira. Bi alderdi nagusien kanpaina taldeek interneteko joerak eta sare sozialetan erabiltzaileek egindako iruzkinak aztertuko dituzte eta, horiek kontuan hartuta, kanpaina eraginkorrago bat diseinatuko dute.
Gainera, sare sozialak, hauteskundeetara begira, neurgailu bihurtu dira, eta, esparru horretan, Barack Obamak presidenteak alde nabaria atera dio bere lehiakidea izango denari, Mitt Romneyri. Obamak ia 28 milioi "Atsegin dut" ditu Facebooken, eta Twitterren 19 milioi jarraitzaile lortzetik hurbil dago. Romneyk, aldiz, Facebooken 4,5 milioi "Atsegin dut" baino ez ditu, eta Twitterren oraindik ez da milioi bat jarraitzaile izatera ailegatu. Alderdi errepublikanoaren kanpaina demokratarena bezain aktiboa da, baina Obamaren aldeko iruzkin eta erantzunak Romneyren aldekoak baino ugariagoak dira.
Bi hautagaien arteko aldea esanguratsua da, eta hori kanpainen aurrekontuan ere islatuta dago. The New York Times egunkariak emandako datuen arabera, kanpaina demokratak 36 milioi dolar gastatu ditu internetera bideraturako iragarkietan, eta beste 86 milioi telebistarako iragarkietan. Kanpaina errepublikanoak, aldiz, 10 milioi dolar baino ez ditu inbertitu kanpaina digitalean, eta 47 milioi dolar erabili ditu telebistarako iragarkiak ekoizteko.
Demokratak eta errepublikanoak edukiak ekoiztera mugatu dira orain arte. Hautagaiek, momentuz, ez dute hauteskunde eztabaida sarera eramateko gogorik erakutsi.