Mundua -
GERRA GAZAN
Netanyahuk "erabateko garaipena" nahi du Gazan, Israelek Jan Yunisen hegoaldea inguratzen duen bitartean
Israelgo lehen ministroaren ustez, 2007tik Zerrenda kontrolatzen duen "Hamasen erregimena" desagerrarazi egin behar da. Halaber, Palestinako milizianoen esku jarraitzen duten 130 bahituak askatzeko lanean jarraituko dutela esan du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk asteazken honetan aldarrikatu duenez, Defentsa Indarrek Gazako Zerrendan jarraituko dute, Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduaren (Hamas) aurkako garaipen "osoa eta erabatekoa" lortu arte, Knesset Israelgo Parlamentuaren hirurogeita hamabosgarren urteurrena ospatzeko ekitaldi sinboliko batean.
Netanyahuren esanetan, Knessetek "herritarren, askatasunaren, demokraziaren eta subiranotasunaren garaipena islatzen du, Gazako Zerrendan dagoen gezurrezko sistemarekin kontrajarrita, bertan ez baitago hauteskunde askerik ezta demokratikorik ere".
Netanyahuren ustez, 2007tik Zerrenda kontrolatzen duen "Hamasen erregimena" desagerrarazi egin behar da. Urriaren 7ko atentatuez geroztik Palestinako milizianoen esku jarraitzen duten 130 bahitu baino gehiago askatzeko lanean jarraituko dutela ere esan du.
Ildo horretan, eraso militarraren helburuak argiak eta "ukigarriak" direla defendatu du, eta Israelek "aberriaren aldeko gerra" egiten duela ohartarazi du, beste indar batzuei gerra-kabineteak hartzen dituen erabakiak babesteko dei eginez.
Netanyahuk adierazpen horiek egin ditu 24 soldadu israeldar hil ondoren, inbasioa hasi zenetik izandako erasorik hilgarrienean, eta Israelek Hamasi su-etena eskaini ziola zabaldu ondoren. Israelgo Armada hegoaldeko Jan Yunis hiria setiatu eta erasotzen ari da.