Mundua -
AEBetan
Bi pertsona hil dira New Yorken, tiroketa baten ondorioz
Tiroketa Empire State eraikinaren inguruan izan da. Lehen informazioen arabera, bi lankideren arteko tiroketa izan da, eta, ondorioz, eraso terrorista baten susmoa baztertu dute.
Erredakzioa
Bi pertsona hil dira eta gutxienez beste bederatzi zauritu tiroketa baten ondorioz, Empire State eraikuntzatik gertu, New Yorken, Poliziak jakitera eman duenez.
CNN kateak azaldu duenez, hildako pertsonetako bat erasotzailea da, eta ez da ekintza terrorista bat izan, Poliziaren arabera, bi lankideren arteko eztabaida baizik.
Olatz Arrieta New Yorken EITBren korrespontsalak azaldu du erasotzailea iaz bota zutela haren lanpostutik. Dirudienez, lan gatazka batek piztu du tiroketa.
Lekuko batek esan duenez, erasotzaileak gizonezko bati buruan tiro egin dio. Poliziak gertakizunen lekua inguratu du.
Tiroketa 09:00ak aldera izan da (15:00etan Iberiar penintsulan) Bosgarren Etorbidean Manhattan hirigunean. Empire State gertaera izan den lekurik bi kaletara dago.
Max Kaplan gertakizuna izan den lekutik gertu zegoen pertsona batek azaldu duenez, gutxienez 9 tiro egin ditu erasotzaileak eta hainbat anbulantziek bertaratu behar izan dute. “Denok oso urduri gaude”, nabarmendu du.
Empire State New Yorken gehien bisitatzen den lekuetako bat da, urtean lau milioi bisita izan ohi ditu.