Mundua -

Palestina

Netanyahuk Bideni esan dio soilik "helburu guztiak" lortzen dituenean geldituko duela Gazako erasoaldia

Israelgo lehen ministroak eta AEBko presidenteak Israelen eta Hamasen arteko negozioazioei buruz hitz egin dute. Palestinako taldearen proposamena ontzat jo dute elkarrizketetatik gertuko iturriek.

Errefuxiatuak, ura lortzeko zain Gazan. Argazkia: EFE
Errefuxiatuak, ura lortzeko zain Gazan.
Errefuxiatuak, ura lortzeko zain Gazan. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Joe Biden AEBko presidenteari adierazi dionez, Gazaren kontrako erasoaldia soilik amaituko da Israelek "helburu guztiak" lortzen dituenean, bere bulegoak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Bi buruzagiek Israelen eta Hamasen arteko negoziazioen testuinguruan hitz egin dute, Gazan su-eten akordioa lortzeko erakunde palestinarrak egindako proposamenaren ostean. "Bahitutakoak askatzeko negoziazioekin jarraitzeko ordezkaritza bat bidaltzeko erabakiaren berri eman zion lehen ministroak Biden presidenteari", gaineratu du komunikatuak.

Proposamena "ona da", Channel 12 israeldarrak aipatutako negoziazioetatik gertu dagoen iturri baten arabera, eta "bi edo hiru aste barru" akordio bati ateak ireki diezazkioke.

Hala eta guztiz ere, Israelgo lehen ministroak Israelen helburuak lehenago lortzearen defentsa mantentzen du: oraindik Hamasen esku dauden 120 bahituen itzulera, bere gaitasun militarrak eta gobernukoak deuseztatzea eta iparraldeko zein hegoaldeko mugetatik ebakuatutako herritarren itzulera bermatzea.

Hamasek "martxan dauden eztabaiden edukiari espiritu positiboarekin" heltzen diola ziurtatu du. Israelgo gobernua, bestalde, proposamena baloratzen ari da.

Channel 12ko iturriaren arabera, Hamasek, edozein negoziazio hasi aurretik, gerrari amaiera emateko eskakizuna bertan behera utzi du, eta hori omen zen Israelen eta islamisten arteko oztopo nagusia elkarrizketak hasi zirenetik.

Hamasen gertuko iturrien arabera, su-eten iraunkorra lortzeko helburuari tinko eusten dio, baina "malgutasun" handiagoa erakusten du bi aldeek talka egiten duten klausulak negoziatzeko orduan; akordioaren lehen fasean bi aldeek egin beharko dituzten negoziazioei eta bigarren faserako trantsizioari buruzkoak, hain zuzen.

Lehenengo fasean su-eten osoa emango litzateke, tropa israeldarren erretiratzearekin eta Gazako Zerrendan zein Israelgo kartzeletan dauden bahituen trukearekin batera. Bigarren fasean su-eten iraunkorra lortuko litzateke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Biden gaur Ekialde Hurbila Benjamin Netanyahu gaur