Mundua -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Laboristen garaipena, sahararra ospitaleratuta, eta txupinazoaren bezpera Iruñean
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko uztailaren 5ean, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Laboristen garaipen zabala Erresuma Batuan: Alderdi Laboristak gehiengo osoa lortu du Erresuma Batuko hauteskundeetan (410 eserleku, 2019an baino 210 gehiago), eta ezkerreko alderdia Downing Streetara itzuliko da, 14 urteren ostean. Alderdi Kontserbadoreak kolpe latza jaso du, eta 116 ordezkari eskuratu ditu (247ko galera). Rishi Sunak lehen ministro kontserbadoreak bere gain hartu du porrota.
- Gazte sahararra, ospitaleratuta: Ekainaren 23tik Bilboko Aireportuko ez onartuen eremuan zegoen 20 urteko gizon sahararra ospitalera eraman dute, duela bi egun gose greba hasi eta ondoezik sentituta. Atzo Auzitegi Nazionalak errefusatu egin zuen kautelazko neurriak hartzea, gazte sahararrak asilo ukatzearen aurka jarri zuen errekurtsoaren aurrean. Hori dela eta, hasiera batean ostiral honetan deportatu behar zuten Marokora.
- Txupinazoaren bezpera Iruñean: Iruñean txupinazoaren bezpera eguna dute gaurkoa, bihar 12:00etan lehertuko baita zortzi eguneko jaia Nafarroako hiriburuan. Giro freskoa aurreikusten da uztailaren 6rako Iruñean. Zeru hodeitsu egongo da eta tenperaturak 14 ºC eta 23 ºC-ren bueltan kokatuko dira. Haizeak gogor joko du, eta euria egiteko aukerak % 10-20 inguruan mantenduko dira.