Mundua -

Gaza, erasopean

Elkarrizketei berrekiteko atarian, gogor eraso dio Israelek Gaza erdialdeari

Gutxienez 25 pertsona, bost kazetari tartean, hil ditu Israelek Gazako erdialdean egindako erasoetan, besteak beste, UNRWAko eskola baten aurkakoan. Negoziazioek datorren astean Dohan jarraitzea espero da.

Bi mutiko, euren auzoko hondakin artean, gaur, Al Nusairaten. EFE.
Bi mutiko, euren auzoko hondakin artean, gaur, Al Nusairaten. EFE.
Bi mutiko, euren auzoko hondakin artean, gaur, Al Nusairaten. EFE.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israel eta Hamas Gazako Zerrendako su-etena adosteko negoziazioei berriro ekitear daudenean, Israelgo Armada gogor ari da Gazaren kontra. Azken orduetan erdigunean izan dira eraso nagusiak, Nuseirat eremuko hainbat tokitan, UNRWAko eskola batean, Deir al Balahn, eta baita Bureij eta Maghaziko kanpamentuetan ere. 25 pertsona hil ditu horietan, bost kazetari palestinar tartean.

Azken orduotako erasoetan, gutxienez bost kazetari hil dira: Saadi Madoukh, Adeeb Sukkar, Amjad Jahjouh, Wafa Abu Dabaan eta Rizq Abu Shakyan. Gazako gobernuaren arabera, 158 kazetari hil dituzte erasoaldia hasi zenetik.

Palestinako hedabideen arabera, airetik eta artilleriaz egin dituzte azken erasoak Gazako hainbat auzotan; Sheikh Ajlin, Tal al Hawa, Al-Zaytoun eta Shujaiya auzoetan.

Armadak, bere aldetik, "inteligentzian oinarritutako jarduera operatiboak" egiten jarraitzen du Rafahn, Egiptoko mugan. Osasun-iturri palestinarrek jakitera eman dutenez, gutxienez sei polizia hil dira Rafah mendebaldean, euren ibilgailuen aurka egindako eraso batean.

Gerra hasi zenetik, ia bederatzi hilabetean, 38.100 gazatar hil dira, % 70 baino gehiago emakumeak eta haurrak, eta 87.700 baino gehiago zauritu, Gazako Osasun Ministerioaren arabera.

Negoziazioei berriro ekiteko zorian

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren hitzetan, "desadostasunak daude oraindik", baina datorren astean Dohara itzultzeko eskatu dio negoziazio taldeari, Hamasekin zeharka izandako negoziazioei berriro ekiteko.

Hedabide arabiar eta israeldarretan filtratu denez, Hamasek uko egin dio Israeli ezarritako baldintzari, negoziatzen hasteko, borrokak amaitzeari alegia.

Gainerakoan, AEBko Gobernuak duela aste batzuk proposatutako eskemaren antza omen du oraingoak: lehen fasean sei asteko su-etena ezartzea; ehunka preso palestinar kartzelatik ateratzearen truke emakume, adineko eta zaurituak askatzea; tropa israeldarrak populazio handiko eremuetatik erretiratzea eta desplazatuak itzultzea.

Fase horretan, bigarren baten xehetasunak negoziatuko dituzte. Horretan, gainerako bahituak askatuko dituzte, soldaduak barne, preso gehiagoren truke. Hirugarren fasean, gatibuen gorpuak entregatzea eta Zerrenda berreraikitzea aurreikusten da.

Larunbatero bezala, Israelgo protesta mugimendu anitza kalera atera da gaur ere, Tel Aviv dutela protesten epizentro, Gobernuari hamaikagarrenez eskatzeko sina dezala behingoz Gazan jarraitzen duten 116 bahituen itzulera ahalbidetuko duen akordioa

12. kanalaren inkesta baten arabera, hiru israeldarretik bik uste dute bahituak itzultzea Gazako gerrarekin jarraitzea baino garrantzitsuagoa dela. Gainera, inkestatuen % 54k uste dute gerrak Netanyahuren iritzi politikoengatik jarraitzen duela, eta % 68k uste dute Netanyahuk agindutako "erabateko garaipena" urrun dagoela.

Protesta en Tel Aviv, hoy. EFE.

Protesta en Tel Aviv, hoy. EFE.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ekialde Hurbila Hamas Benjamin Netanyahu