Mundua -
Interesak
Erreserba Federalak interes-tasak puntu erdi jaitsi ditu, bi urteko igoeren ondoren
Erreferentzia-tasa % 4,75etik % 5erako tartean kokatu du. Etorkizuneko jaitsierei buruzko argibiderik eman ez duten arren, inflazioa % 2ra gerturatzeko bidean doala diote. Jerome Powellek adierazi du jaitsieren politika "presarik gabe" aztertuko dutela.
Agentziak | EITB Media
Ameriketako Estatu Batuetako Erreserba Federalak (Fed) interes tipoak puntu erdi jaitsiko dituela iragarri du asteazken honetan. 2022ko martxoan hasitako igoera ziklo baten ondoko lehen jaitsiera izan dugu irailean. Pandemiak eta Ukrainako gerrak eragin zuten orduan inflazioaren kontrolik eza, eta, igoera ziklo horren osteko lehen jaitsiera izan da iraila honetakoa. Horrenbestez, tasen erreferentzia-tasa % 4,75etik % 5era bitarteko tartean gelditu da.
Igorritako komunikatuan, Fedek azpimarratu du "konfiantza handiagoa" duela inflazioa % 2rantz modu iraunkorrean mugitzen ari dela ikusita, eta uste du enpleguaren eta inflazioaren helburuak lortzeko bidean egon daitezkeen arriskuak "gutxi gorabehera orekatuta" daudela, nahiz eta aitortu duen "aurreikuspen ekonomikoak zalantzazkoak" direla oraindik ere.
Munduko lehen potentziaren ekonomiak bere BPGren % 3ko hazkundea izan du 2024ko bigarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoko % 1,4aren aldean. Lan-merkatuari dagokionez, abuztuan nekazaritzakoak ez diren 142.000 enplegu sortu ziren eta langabezia hamarren bat jaitsi zen, % 4,2raino. Horri gehitu behar zaio kontsumorako prezioen indizea (KPI) 2021eko otsailetik izandako zifrarik baxuenean dagoela; abuztuan urtebeteko % 2,5ean kokatu zen.
Inflazioa kontrolatzeko 2022ko martxotik egindako hamaika igoeren ondoren, interes-tasen erreferentzia-tasak % 5,25etik % 5,5era bitarteko tartean egon dira 2023ko uztailetik. 2001eko urtarriletik izandako zifrarik altuena zen hori.
Europako Banku Zentralak (EBZ) eta beste erakunde batzuek hilabeteak daramatzate tasak murrizten, baina Fed askoz kontserbadoreagoa izan da orain arte, datu ekonomikoak ez direla behar bezain fidagarriak esanez.
Oraingoan, 50 puntu basiko murriztea erabaki du, baina ez du argibiderik eman etorkizunean izan daitezkeen jaitsierei buruz. Jerome Powell erakundeko presidenteak adierazi duenez, erakunde arautzaileak murrizketa politika presarik gabe eta ekonomiaren arabera aztertuko du. "Bileraz bilera erabakiak hartuko dira, leku egokiago batera iritsi arte".
Hala ere, ekonomiaren gaineko aurreikuspenak baikorrak dira eta iragarpen gehienek diote urtearen amaieran % 4,4an egongo direla interes tipoak ( % 4,25etik % 4,5erako tartean). Ondoren, 2025ean % 3,4ra eta 2026an % 2,9ra jaitsi ditzaketela aurreikusten da.