Mundua -
Elikagaien kutsadura
4.000 ikasle alemaniar gaixotu dira elikagai kutsatuak janda
Hiru haur ospitaleratu dituzte Norovirus birusak jota, Robert Koch Institutuak jakinarazi duenez.
Erredakzioa
Alemaniako 4.000 haur eta nerabe baino gehiago gaixotu dira Norovirus birusak jota. Ikastetxeetako jantokietan elikagai kutsatuak janda zabaldu da birusa, eta gaixoei urdaileko arazoak eragiten dizkie. Osasun iturriek jakitera eman dutenez, hiru haur ospitaleratu dituzte birus horrek jota.
Robert Koch Institutuko Birologia Sailaren arabera, gaixo guztiek Sodexo enpresak prestatutako elikagaiak jan zituzten. Aipaturiko enpresak Rüsselsheim hirian dauka egoitza nagusia, eta herrialde guztian zehar hainbat sukalde industrial ditu.
Gaixotasunak Alemania ekialdeko Berlin, Brandenburgo, Saxonia eta Turingia estatu federaleko ikasleei eragin die, eta, ondorioz, hainbat ikastetxek ateak itxiko dituzte gaur, prebentzio gisa.
Sodexo enpresak 150.000 haur eta neraberi jaten ematen die Alemaniako jantokietan. Sodexoko bozeramaile batek adierazi duenez, 1992an enpresa sortu zutenetik ez dute osasun arazorik izan eta langileak kutsaduraren jatorria ikertzen ari dira.