Mundua -
AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
Gutxienez pertsona bat hil da eta 10 ospitaleratu dituzte AEBn, McDonald's jatetxeetako hanburgesak janda
Janari lasterreko jatetxe katearen akzioak % 5 jaitsi dira burtsan, "Quarter Pounder" hanburgesetan E. coli bakterioaren agerraldia atzeman ostean.
Agentziak | EITB Media
Ameriketako Estatu Batuetako osasun agintariek E. coli verotoxigenikoa (VTEC) bakterioaren agerraldia atzeman dute zenbait hanburgesatan, eta, horren ondorioz, pertsona bat hil da, gutxienez. Halaber, 10 pertsona ospitaleratu dituzte eta 49 kasu atzeman.
Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Estatu Batuetako Zentroak (CDC) bart ohar bidez azaldu duenez, kutsatutako pertsona gehienek McDonald'sen "Quarter Pounder" izeneko hanburgesa jan zuten gaixotu aurretik.
Oraingoz, ez dute argitu zein osagaik eragin dituen intoxikazioak, baina enpresak azaldu duenez, litekeena da "Quarter Pounder" hanburgesetan erabiltzen den tipularekin lotuta egotea. Janari lasterreko jatetxe katearen arabera, hornitzaile bakar batek hiru banaketa zentro hornitzen ditu.
Gertaturikoa argitzen den bitartean, McDonald'sek erabaki du xerratan hainbat estatutan moztutako tipula eta libra laurdeneko haragi hanburgesak eskaintzeari uztea.
CNN telebista katearen arabera, intoxikazio kasu gehienak Colorado eta Nebraska estatuetan gertatu dira.
E. coli bakterioarekin kutsatutako gaixoen sintoma nagusiak hauek dira: sukarra, beherakoa eta gorakoa eta deshidratazioa. Hala ere, Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroaren arabera, kasu gehienetan sintomak 5 eta 7 egunen buruan desagertzen dira.
Bestalde, E. coli agerraldia ezagutu zenetik McDonald'sen akzioak % 5 jaitsi dira burtsan.