Mundua -
Fukushima
Zentral nuklear berria eraikiko dute Japonian, lehena hondamenditik
2014ko azaroan ireki nahi zuten zentrala, baina Fukushimako istripuak 18 hilabete atzeratu du eraikuntza.
Erredakzioa
Electric Power Development (J-Power) enpresak jakinarazi duenez, Japonia iparraldean eraikitzen ari zen zentral nuklearreko lanei ekingo die berriro, 2011ko martxoan Fukushimako zentral nuklearrean istripu larria izan ostean.
Enpresak 2014ko azaroan ireki nahi zuen zentrala, baina tsunami baten ondorioz Fukushiman izandako istripuak eta horrek eragindako krisi nuklearrak 18 hilabete atzeratu du eraikuntza.
Hondamendiaren ondoren segurtasun nuklearra indartu duen arren, Japoniako Gobernuak argi berdea eman zien krisi nuklearraren aurretik eraikitzeko baimena jaso zuten zentral nuklearren proiektuei.
Itzaltze nuklearra 2030erako
Japoniako Gobernuak 2030erako energia nuklearrari uko egitea erabaki zuen joan den irailean, zentral atomikoen segurtasunari buruzko eztabaida pil pilean zegoenean.
Fukushimako hondamendiaren aurretik, Japoniak zentral nuklearretatik lortzen zuen energia elektrikoen herena. Baina, egun, dituen 50 erreaktore atomikoetatik, bi bakarrik daude martxan.