Mundua -
Oswaldo Payaren heriotzagatik
Angel Carromeroren aurkako epaiketa Kuban, epaiaren zain
Zuhurtziagabekeriazko hilketa egotzita, fiskalak zazpi urteko espetxe-zigorra eskatu du PPko Belaunaldi Berrien buruzagiarentzat. "Carromero oso lagun ausartegia da", azpimarratu du fiskalak.
Erredakzioa
Angel Carromero PPko Belaunaldi Berrien buruzagiaren aurkako epaiketa amaitu da Kuban eta, orain, epaiaren zain geratuko dira. Carromerori zuhurtziagabekeriazko hilketa leporatu diote eta, hortaz, fiskalak zazpi urteko espetxe-zigorraren eskaera mantendu du.
Oswaldo Paya eta Harold Cepero Kubako disidenteak auto-istripuz hil ziren, eta Carromerok ibilgailua gidatu ohi zuen. Isabel Barzaga fiskalak azpimarratu duenez, "Carromero oso lagun ausartegia da".
Ahozko saioan PPko Belaunaldi Berrien buruak instrukziozko fasean eskainitako bertsioa berretsi du. Carromerok gertatutakoa deitoratu du. "Denbora honetan gauza asko galdu ditut baina ez du zerikusirik hildakoen senitartekoek duten minarekin", adierazi du.
Epaiaren osteko aukerak
Epaitegiak espetxe-zigorra ezarri arren, Carromero aske uzteko eta herrialdetik botatzeko gaitasuna du Kubako Gobernuak. Hau izango litzateke Carromerorentzat irtenbiderik onena. Gobernuak Kubatik espainiarra botako ez balu, litekeena da Espainiara estraditatzea, 62. Legearen arabera, "Espainian kartzela zigorra betetzeko".
1998. urtetik zigortutako lagunak estraditatzeko hitzarmena dute Espainiak eta Kubak. Litekeena da Carromeroren kasuan ere itun hau aplikatzea.
Gehiegizko abiadura
Kubako Gobernuak dioenez, Carromerok gidatutako gehiegizko abiadurak eragin zuen auto-istripua baina ez du inoiz abiadura zehaztu. Carromerok, berriz, etekin politikoak lortzeko istripua ez erabiltzeko eskatu zuen.