Mundua -
Gastua handitu nahi dute
Cameron: 'Gastua murriztu ezean, EBko aurrekontuei betoa jarriko diet'
Europar Batasunean egoteko erreferenduma deitzeko errefusatu du baina aurrekontuen negoziazioan bidezko tratua jasotzea eskatu du Erresuma Batuko lehen ministroak.
Erredakzioa
2014 eta 2020 urte bitartean gastua handitzeko "saiakera eskandalagarriak" egon ezean, Europar Batasuneko aurrekontuei betoa jarriko diela ohartarazi du David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak. Hala ere, Europar Batasunean egoteko erreferenduma deitzea errefusatu du. Hori bai, aurrekontuen negoziazioan bidezko tratua jasotzeko eskatu du Erresuma Batuko lehen ministroak.
'The Sunday Telegraph' Erresuma Batuko kazetari eskainitako elkarrizketan Cameronek esan duenez, Europar Batasuneko aurrekontuen gaineko negoziazioak izoztuko ditu, baldin eta Bruselak gastua murrizteari uko egiten baldio.
"Erresuma Batuarentzat bidezkoa ez den akordio bati ezetza eman behar badiogu, ezetza emango dugu", iragarri du lehen ministroak. Halaber, Nick Clegg lehen ministrordearen babesa duela azpimarratu du Cameronek.
Ildo honetan, Europar Batasunean bi aurrekontu ezberdin egitea nahi du Cameronek: bat, euroguneko herrialdeentzat, eta bestea, gainontzeko hamar herrialdeentzat, horien artean Erresuma Batua.
Proposamen hori Alderdi Kontserbadorearen baitan Europarekiko eszeptiko diren kideen artean ere ongietorria izango litzateke, izan ere, Erresuma Batua Europar Batasuneko parte izatearen inguruko erreferenduma aldarrikatzen dute.
Geroz eta gehiago dira Alderdi Kontserbadorean Cameronen aurka azaldu direnak, eta kiniela politikoetan Boris Jonhson Londreseko alkatearen izenak indarra hartu du 2015eko "torien" hauteskundeetan Cameronen lekukoa hartzeko.