Mundua -

Brasil

Gutxienez 37 pertsona hil dira Brasilen, hainbat ibilgailuk izandako istripuan

Kamioi batek granitozko bloke handi bat galdu du, eta autobus bat jo du, kontrola galaraziz. Autobusak su hartu du. Kalkuluen arabera, 45 pertsona zihoazen bertan. Bizirik atera diren 13 pertsona osasun-zentroetara eraman dituzte.

Istripua izan den tokia. EFE/Minas Gerais-eko suhiltzaileak
Istripua izan den tokia. EFE/Minas Gerais-eko suhiltzaileak
Gutxienez 37 lagun hil dira Brasilen autobus baten eta kamioi baten artean izandako istripuan

0:35

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 37 pertsona hil dira larunbat goizaldean Brasilgo erdialdean, Minas Gerais estatuan, autobus batek, kamioi batek eta beste ibilgailu batek izandako istripuan.

Hasiera batean, suhiltzaileek 22 hildako izan direla jakinarazi dute, baina kopuru horrek gora egin du gorpuak erreskatatzeko lanek aurrera egin ahala. 

Errepideetako Polizia Federalak azaldu duenez, biktimen kopurua "behin-behinekoa" da, suteak identifikazio lanak zailtzen dituelako; izan ere, kiskalita eta burdin artean harrapatuta daude gorpu asko. 

Errepideetako Polizia Federalaren bertsioaren arabera, BR-116 errepidean, Teofilo Otoni udalerrian, kamioi batek atoian zeraman "granitozko bloke handi bat" galdu du, eta albotik pasatzen ari zen autobus bat jo du; ondorioz, autobus gidariak kontrola galdu du, eta errepidetik atera ostean, autobusak su hartu du eta erabat suntsitu da.

Jarraian, atzean zihoan beste ibilgailu batek granitoa zeraman kamioia jo du. Auto horretako hiru bidaiariak bizirik atera dira, baina "larri zaurituta".

Autobusetik bizirik atera diren 13 pertsona inguruko ospitaleetara eraman dituzte.

Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidenteak atsekabe "izugarria" agertu du gertatutakoagatik, biktimen senideei elkartasuna adierazi die eta zaurituak sendatzearen alde otoitzean ari dela esan du.

"Gobernu federala Teofilo Otoniko Udalaren eta Minas Geraisko gobernuaren esku jarri da beharrezkoa den guztirako", sare sozialetan zabaldutakoaren arabera.

Romeu Zema Minas Geraisko gobernadoreak eskualdeko gobernuaren "erabateko mobilizazioa" agindu du, eta segurtasun-indarrak goizaldetik "etenik gabe" lanean ari direla azpimarratu du, gertakariari "arin" erantzuteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Brasil Trafiko istripuen biktimak