Mundua -

UKRAINAKO GERRA

Zelenski prest legoke Errusiak okupatutako lurraldeei uko egiteko gainerako lurraldea NATOn sartuz gero

Ukrainako presidentearen arabera, aukera hori posible izango da baldin eta armamentu gehiago bidaltzea adosten badute. Halaber, Errusiari zigor gehiago jartzeko beharra defendatu du.

Volodimir Zelenski, Ukrainako presidentea, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Volodimir Zelenski, Ukrainako presidentea, artxiboko irudi batean
Volodimir Zelenski, Ukrainako presidentea, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea prest legoke Errusiak okupatutako lurraldeei uko egiteko, baina nabarmendu du herrialdearen gainerako zatia NATOn sartzea adostu beharko luketela hori gertatzeko.

NATOn sartzearen truke, Luhansk, Donetsk, Zaporizhia, Kherson eta Krimea lurralderik gabeko Ukraina bat onartuko ote lukeen galdetu dio Lex Fridman ukrainar jatorriko elkarrizketatzaile estatubatuarrak Ukrainako presidenteari.

Edozein kasutan, Zelenskik nabarmendu du aukera hori posible izango dela baldin eta armamentu gehiago bidaltzea adosten badute. Azaldu duenez, arma bidalketa hori Europar Batasunarekin eta Ameriketako Estatu Batuekin hitzartu beharko dute.

Gainera, Donald Trump Etxe Zurira iristen denean Errusiari zigor gehiago jartzeko beharra defendatu du Zelenskik, Moskuk hidrokarburoak saldu ez ditzan.

Dena den, gerra amaitzeko lehen pausoa Trumpekin elkartzea dela esan du Ukrainako presidenteak. "Gerra eta Putin nola gelditu adostu behar dugu Trumpekin. Guretzat oso garrantzitsua da Europak ere bere ahotsa izatea auzi honetan", azaldu du.

Trumpekin egindako bilera horrek Ukrainarentzako segurtasun bermeak zehazteko balioko lukeela gaineratu du. "Ez gara hirurok negoziazio mahai berean eseriko", esan du Errusia, Ukraina eta AEBri erreferentzia eginez.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste garrantzitsuak Ukraina albisteak Errusia Vladímir Putin bideoak NATO albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Donald Trump albisteak Errusia-Ukraina gerra gaur Zelenski gaur