Mundua -
ERRESUMA BATUA
2029ko hauteskundeak baino lehen Keir Starmer nola kargugabetu aztertzen ari da Elon Musk
"Financial Times" egunkariaren arabera, teknologia sektoreko magnatea Starmerren gobernu laborista ezegonkortzeko lanean ari da.
Agentziak | EITB MEDIA
Elon Musk enpresaria Keir Starmer Britainia Handiko gobernuko lehen ministroa nola kargugabetu aztertzen ari da, 2029ko hauteskundeak baino lehen. Financial Timesek eman du informazio horren berri.
Egunkari beteranoak jakin duenez, teknologia sektoreko magnatea Starmerren gobernu laborista ezegonkortzeko lanean ari da, azken aldian X sare sozialean bota dituen kritika gogorrez gain.
"Bere iritzia da mendebaldeko zibilizazio osoa mehatxupean" dagoela adierazi du Musken azpijokoak ezagutzen dituen pertsona batek.
Hegoafrikako enpresaria, gaineratu du Financial Timesek, Britainia Handiko mugimendu politiko berriei babesa emateko lanean ari da, batez ere eskuineko Reform UK alderdi populistari, lehen ministroa aldatzeko hauteskundeak baino lehen.
Azken hamarkadetan, Tony Blair eta Boris Johnson lehen ministroek, besteak beste, gobernua utzi behar izan dute legealdi erdian hauteskundeak irabazi arren, izan eskandaluengatik zein herritarren babes ezagatik.
Teslako, Space X-ren eta X sare sozialaren zuzendaria Estatu Batuetako Gobernuaren gastua kontrolatzeko proiekturako izendatu du Donald Trump herrialde horretako presidente berriak. Azken hilabeteetan, Muskek interesa erakutsi du Britainia Handiko politikan eta Starmer gogor kritikatu du.