Mundua -

Venezuela

Europar Batasunak dio Madurok ez duela "demokratikoki aukeratutako presidente baten zilegitasunik"

Madurok karguaren zina egin ostean, Venezuelako Gobernuko goi-kargudunen aurkako zigorrak iragarri dituzte EBk eta AEBk.

Venezuelako oposizioaren manifestazio bat. Argazkia: EFE
Venezuelako oposizioaren manifestazio bat. Argazkia: EFE
Venezuelako oposizioaren manifestazio bat. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasunak (EB) ostiral honetan salatu duenez, Nicolas Madurok ez du "demokratikoki aukeratutako" agintari baten "zilegitasunik".

"Venezuelako agintariek herriaren borondatea errespetatzeko eta guztientzako bermeak dituen trantsizio demokratiko gardena ziurtatzeko funtsezko aukera bat galdu dute. Nicolas Madurok, beraz, ez du demokratikoki aukeratutako presidente baten zilegitasunik", adierazi du Kaja Kallas Europar Batasuneko diplomazia-buruak ohar batean.

Ildo beretik, AEBk ez du onartu Maduroren kargu-hartzea eta "Estatu kolpea" leporatu dio, esanez Edmundo Gonzalez Urrutiak irabazi zituela hauteskundeak. Era berean, narkotrafikatzaile izatea egotzi dio Madurori beste behin, eta 15 milioi dolarretik 25 milioi dolarrera igo du hura atxilotzera daraman informazioaren ordainsaria.

Halaber, Bidenen Administrazioak zigor ekonomiko sorta berri bat iragarri die Venezuelako Gobernuko zortzi goi-karguduni. Era berean, Maduroren eta bere ordezkarien diru-sarrerak mugatzeko "neurri gehigarriak" hartuko dituela adierazi du, Venezuelako aktiboak kanpotik enbargatzea kasuz kasu aztertuta.

Aldi berean, AEBk beste 18 hilabetez luzatuko du milaka venezuelarri emandako aldi baterako babes estatusa, herrialdean bizi eta lan egin ahal izan dezaten.

Gaurko iragarpenak, baina, ez du barne hartu Chevron bezalako atzerriko enpresei Venezuelatik petrolioa ateratzeko lizentziak bertan behera uztea.

EBk, bere aldetik, 15 funtzionario venezuelarren aurkako zigorrak ere ezarri ditu, besteak beste, Caryslia Rodriguez Auzitegi Goreneko presidentearen eta Hauteskunde Kontseilu Nazionaleko kargudunen aurkakoak, Venezuelako hauteskundeetan izandako ustezko irregulartasunetan parte hartzeagatik eta horietan Maduro irabazle izendatzeagatik, emaitza bermatzen duen frogarik aurkeztu gabe.

Gauzak horrela, EBk Venezuelako krisi politikoari erantzun dio, eta zigorrak handitu ditu, "zerrenda beltzean" 15 pertsona gehiago sartzeko, urte amaieran adostu zutenez. Hala, dagoeneko 70 pertsona ditu jomugan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Nicolás Maduro