Mundua -
Venezuela
Machadok iragarri du Gonzalez Urrutia "une egokian" joango dela Venezuelara
Maria Corina Machado Venezuelako oposizioko buruak esan du "baldintzak betetzen" direnean joango dela herrialdera presidente karguaz jabetzera.
Agentziak | EITB Media
Maria Corina Machado Venezuelako oposizioko buruak ostiral honetan adierazi duenez, Edmundo Gonzalez Urrutia ezin iza da Venezuelan sartu. Gaineratu du baldintzak betetzen direnean joango dela herrialdera presidente karguaz jabetzera, orain ez baita "komenigarria".
"Orain ez dela komenigarria erabaki dugu. Bere segurtasuna funtsezkoa da erregimenaren porroterako eta demokraziarako trantsiziorako", gaineratu du Instagramen argitaratutako bideo batean.
Machadoren esanetan, Venezuelako Gobernuak "herrialdearen aire-eremua ixteaz gain, aireko defentsa-sistema osoa aktibatu du", eta, beraz, iragarri du oposizioko burua "une egokian, baldintzak egokiak direnean" iritsiko dela herrialdera, presidente izateko zina egitera.
Nicolas Madurok, bere aldetik, hirugarrenez hartu du presidentearen kargua, eta, horri erantzunez, oposizioko buruak salatu du "Estatu kolpe" bat egin duela, "venezuelarren eta munduaren aurrean".
"Konstituzio nazionala urratzen duen marra gorria zeharkatzea erabaki dute. Gure Konstituzioa zapaltzen dute, eta Madurok Konstituzioa urratu du, Kubako eta Nikaraguako diktadoreak alboan dituela. Horrek dena esaten du", adierazi du Machadok, Miguel Diaz-Canel eta Daniel Ortega bi herrialde horietako presidenteei erreferentzia eginez.
Machadok berriro aldarrikatu du Edmundo Gonzalez Urrutiak uztailean garaipena lortu zuela, eta ostegun honetan herrialdean izandako protestak goraipatu ditu: "Herrialdearen askatasuna gertu dago. Atzo Venezuelak herrialde osoan zabaldutako adorea ikusi zuen, gaur munduak beldurra ikusten du areto batean itxita. Ez izan zalantzarik, hau amaitu da".
Atxilotu eta askatu, manifestazioaren ondoren
Machadok esan du "ondo" dagoela, baina "min eta kolpe handiak" dituela gorputzaren "zati batzuetan", bezperan atxilotu eta gero. Bere taldeak atzo salatu zuen Caracasen egindako protesta batetik irteterakoan atxiki zutela, eta oposizioko buruak esan du Polizia Nazionaleko kideek eraman zutela, baina handik gutxira aske utzi zutela.
Ildo horretan, "munduko liderrek, munduko toki guztietako gobernuek, egindako adierazpenei eta ohartarazpenei" egotzi die askatzeko erabakia, eta "Venezuelaren aliatu demokratikoei esker ona" adierazi die.