Mundua -

Genozidioa Gazan

Gazako 1.600 familiatako kide guztiak hil ditu Israelek 15 hilabetean

'The Lancet' aldizkari zientifiko britainiarrak ostiral honetan argitaratutako ikerketa baten arabera, hildakoen kopuru ofiziala Gazako agintariek zabaldutako datuak baino % 41 handiagoa izan daiteke; 46.000 hildako eta 11.000 desagertu zenbatu dituzte haiek.

Mutiko bat, suntsitutako familia-etxearen hondakin artean. EFE.
Mutiko bat, suntsitutako familia-etxearen hondakin artean. EFE.
Mutiko bat, suntsitutako familia-etxearen hondakin artean. EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazako 1.600 familiatako kide guztiak akabatu ditu Israelek 15 hilabeteko erasoaldian. Gazako erregistroetatik erabat ezabatu dituzte 1.600 familia, 5.612 lagun denera. Gainera, beste 3.471 familiatan kide bakarra gelditu da bizirik

2023ko urrian Israelek erasoaldi bortitza abiatu zuenetik, 46.000 dira dagoeneko armadak eraildako pertsonak (gehien-gehienak zibilak), 110.000 lagun zauritu dituzte eta 11.000 baino gehiago dira hondakin artean lurperatuta daudenak, ospitaleek emandako eta Gazako Osasun Ministerioak egiaztatutako datuen arabera.

Dena den, The Lancet aldizkari zientifiko britainiarrak ostiral honetan argitaratutako ikerketa baten arabera, hildakoen kopuru ofiziala Gazako agintariek zabaldutako datuak baino % 41 handiagoa izan daiteke. Izan ere, Gazan ez dira iristen hildako denak zenbatzera, eremu askotara sartu ere ez direlako egin, iparraldean batez ere; Gazako agintariek nazioarteari laguntza eskatu diote zeregin horretarako.  

Babes Zibila eta ospitaleak lan egin ezinda

Urriaren amaieratik Babes Zibileko taldeak Zerrendako iparraldean lan egin ezinda daude, bai hara iristeko zailtasunengatik, bai Israelgo armadak etengabe egiten duelako euren konta. Gaza iparraldean, 4.800 pertsona hil edo desagerrarazi ditu Israelek azken hiru hilabeteetan, baina zaila da datuak eguneratzea, ezin direlako eremu horietara sartu. 

Gainera, Gaza Hirian, Erdialdeko Gobernazioan eta Khan Yuniskoan (ia Gaza osoan, beraz), suhiltzaileen eta erreskaterako ibilgailu asko erabili ezinda daudela salatu dute, horiek konpontzeko pieza faltagatik.

"Israelek, bere okupazio eta eraso etengabean, tokiko merkatuan gutxieneko konponketak egiteko behintzat eskuragarri zeuden ekipo, gailu eta pieza gehienak suntsitu ditu", salatu du Babes Zibilak. 

Erregai falta ere mehatxu handia da Gazan, Gaza inkomunikatuta utz dezakeelako. Gazako Komunikazio Ministerioak bart esan duenez, "orduetako kontua" da zerbitzua erortzen hastea. 

Martxan dauden erietxe apurrak (Deir al Balah-ko Al Aqsako Martiriena, eta Khan Yunisko Naser eta erietxe europarra) ere ia funtzionatu ezinik gelditu dira erregai faltagatik, baina NBEko agentziek hainbat kamioi sartu ahal izan dituzte azken orduotan. 

Su-etenerako elkarrizketak "azken fasean", Hamasen arabera

Gazako Zerrendan su-etena lortzeko Qatar, Egipto eta AEB bitartekari direla Dohan egiten ari diren elkarrizketak, "azken fasean" daude, Hamasen gertuko iturrien arabera, eta Israelgo ordezkaritza bat Dohara noiz iritsiko zain daudela esan du iturri horrek berak, akordioaren testuari egindako azken zuzenketak onartu eta behin betiko testua onartzeko. 

Azken zirriborroen arabera, lehen fase batean, Israelgo tropak Filadelfiako korridoretik (Gazako Zerrendaren eta Egiptoko Sinaiko penintsularen arteko muga) erabat erretiratzea eta beste hainbat puntutatik "partzialki" tropak erretiratzea aurreikusten da.

Aldi horretan, Israelgo indarrek "zaintzarako guneak" mantendu ahal izango dituzte Gazan, eta hirugarren faseko azken egunerako, berriz, soldadu okupatzaileak "guztiz erretiratu" beharko lirateke Gazatik. 

Steve Witkoffek, Donald Trump AEBko presidente hautetsiak Ekialde Hurbilerako duen ordezkari bereziak, su-etena lortzeko elkarrizketetan izandako aurrerapenei buruz hitz egin zuen atzo Qatarko agintariekin, Dohan. Trumpek urtarrilaren 20an hartuko du kargua, eta AEB inplikatuta dagoen gerrak (Gazakoa, esaterako) amaitu nahi dituela berretsi du. Gazaren kasuan, Hamasi egun horretara arteko epea eman dio bahituak askatzeko, osterantzean Gazako Zerrenda "lurrean infernu" bihurtuko duela esanda.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Israel