Mundua -
GAZA, ERASOPEAN
Israelek Mossadeko burua bidali du Dohara Gazan su-etena negoziatzera
Hamaseko iturriek azpimarratu dute elkarrizketak "berez amaituta" daudela, eta bitartekariek Netanyahuren oniritzia jasotzea bakarrik falta dela.
agentziak | eitb media
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak David Barnea Mossadeko burua bidali du Dohara, Gazako Zerrendan su-etena negoziatzeko Hamasekin abiatu zituzten zeharkako elkarrizketetan parte hartzera.
Mossadeko buruarekin batera, Ron Bar Shin Bet inteligentzia agentziaren burua, Nitzan Alon bahituen senideekin harremanak gidatzen dituen militarra eta Ogir Falk Netanyahuren aholkulari politiko nagusia ere egongo dira Qatarren.
Akordioa edozein unetan irits litekeela zabaldu den honetan jakinarazi dute ordezkaritza hori bidali dutela. Hamaseko iturriek hedabide arabiar batzuetan baieztatu dute elkarrizketak "berez amaituta" daudela, eta bitartekariek Netanyahuren oniritzia jasotzea bakarrik falta dela.
Netanyahu Steve Witkoff Donald Trump AEBko presidente hautatuaren Ekialde Hurbileko bidali bereziarekin elkartu zen, eta horrek helarazi zion Trumpek urtarrilaren 20an kargua hartu aurretik amaitu nahi dituela AEBren parte-hartzea duten gerra guztiak, tartean Gazakoa, eta Hamasi esan zion Zerrenda "lurreko infernu" bihurtuko duela ordurako bahitu guztiak askatzen ez baditu.
Bahitutako 40 pertsonaren gorpuak erreskatatu dituzte orain arte Israelgo tropek, eta Zerrendan bahituta jarraitzen duten 96 lagunetako 34 hilda daude. Hamasek 2023ko urriaren 7an bahitutako 251 israeldarretako 117 askatu dituzte bizirik, baina soilik 8 Israelgo Armadaren operazioetan.
Israelek 45.000 pertsona baino gehiago hil ditu Gazako Zerrendan ordutik, eta orain arte soilik astebeteko su-etena adostu dute, 2023ko azaroan, truke bat egiteko: 105 bahitu 240 preso palestinarren truke. Negoziatzen ari diren su-etenaren lehenengo fasean 34 bahitu askatuko lituzkete, preso palestinar batzuen truke.