Mundua -
ALEMANIA
Alemaniako eskuin-muturrak Alice Weidel aukeratu du aho batez kantziler izateko hautagai
Hautagaiak berretsi du "aberriratze handiak" egin nahi dituela, eta "berremigrazioa" kontzeptua aipatu du. Energia nuklearraren eta Errusiatik jasotako gasaren aldeko apustua egin du.
agentziak | eitb media
AfD Alemaniako eskuin-muturreko alderdiko kideek aho batez aukeratu dute Alice Weidel otsaileko hauteskundeetan kantziler izateko hautagai izan dadin.
Alderdiko 600 ordezkariak kongresua egiten ari dira asteburu honetan, segurtasun-neurri eta protesta handien erdian, Riesan, Saxonian, euren gotorleku politikoan.
Tino Chrupallak, Weidelekin batera AfDren presidente denak, ireki du kongresua, eta azpimarratu du inkestetan gora egiten ari direla, eta oraingoz % 20ko boto-asmoa lortu dutela. "Portzentaje hori atzean utzi eta hazten jarraitu behar dugu" adierazi du, eta "hurrengo kantzilerra" aurkeztu du jarraian.
Ondoren, Weidel bozketarik egin gabe izendatu dute hautagai: ordezkari guztiak altxatu eta txaloka hartu dute alderdiko beste presidentea.
45 urteko hautagai ultraeskuindarrak bere balizko gobernuaren lehenengo 100 egunetan egingo lukeena azaldu du. Mugak ixtea, "aberriratze handiak" eta "berremigrazioa" aipatu ditu lehen eginbeharren artean.
Era berean, "errota eoliko guztiak eraitsi" eta energia nuklearraren aldeko apustua egingo duela hitzeman du. Horretarako, "martxan dauden zentral nuklearrak sarera lotzea" eta ikatz zentral termikoen biziraupena luzatzea proposatu du.
"Genero azterketa guztiak itxi, eta irakasle horiek guztiak kaleratuko ditugu", esan du, unibertsitateak "queer-progreen entrenamendu leku" bilakatu direla gaineratu aurretik.
Widelek aurreratu du Alemaniak Errusiaren gas naturala jasoko lukeela berriro Nord Stream gasbidetik, eta eskerrak eman dizkio Elon Muski AfD babesteagatik.