Mundua -

HAUTESKUNDEAK

Milanovic aukeratu dute berriro Kroaziako presidente, botoen % 75 lortuta

Milanovic berrautatu dute bost urteko bigarren agintaldirako, eta presidentegai batek 1991n Kroaziak Jugoslaviatik independentzia lortu zuenetik lortu duen hauteskunde garaipenik sendoena da.

Zoran Milanovic. Argazkia: EFE
Zoran Milanovic
Zoran Milanovic. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zoran Milanovic Kroaziako egungo presidenteak karguari eutsiko dio. Boto-paperen kopuru handia zenbatuta, % 75eko babesa lortu du Milanovicek, eta % 25ekoa Dragan Primorac kontserbadoreak.

Parte-hartzea % 43,89koa izan da. Ez da harritzekoa partaidetza jaitsi izana, lehen itzulian (abenduaren 29an) Milanovic gehiengo osotik gertu egon zela ikusita.

"Eskertzen dizuet", idatzi du Milanovicek bere Facebook kontuan lehen datuak jakin ostean. Primoracek, bestalde, "eskerrik asko" esan jarraitzaileei.

Alderdi Sozialdemokratako buruaren hautagaitza ezkerreko eta zentroko bederatzi alderdi txikiagok babestu dute, eta emaitza horiek baieztatuz gero, Kroaziak 1991n independentzia lortu zuenetik Presidentetzarako hauteskundeetan izandako garaipenik zabalena litzateke Milanovicena.

Primoracek, bestalde, Kroazioako Batasun Demokratikoaren babesa zeukan; Andrej Plenkovic lehen ministroarena, hain zuzen ere.

Lehen itzulian, duela bi aste, oraindik lehian zortzi hautagai zirela, botoen % 49 eskuratu zituen Milanovicek. Gerta liteke, beraz, estatuburua aukeratzeko orain arte egin diren hauteskunde guztietan baino baxuagoa izatea partaidetza; izan ere, inoiz ez da % 50etik beherakoa izan.

Horrenbestez, Milanovic bost urte gehiagoz izango da presidente. Kroazian batez ere protokolo eta ordezkari lanak egiten ditu presidenteak, baina eragina du atzerri politikan eta Armadan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak