Mundua -
Venezuela
Alvaro Uribek Venezuelan esku hartzeko eskatu dio nazioarteari Madurok boterea laga dezan
Madurok, bestalde, "koldar" deitu dio Uriberi, eta "paramilitarra eta narkotrafikatzailea" izatea egotzi dio, nazioarteko interbentzio militar bat defendatu duela iritzita. Horregatik guztiagatik, esku-hartze horren buru izan dadila proposatu dio.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Kolonbiako presidente ohi Alvaro Uribek eskatu du nazioarteak Venezuelan esku har dezala, Nicolas Madurok boterea utz dezan, eta hauteskunde "askeak" dei ditzaten.
"Ahal izanez gero, Nazio Batuek babestutako nazioarteko interbentzioa eskatzen dugu, zapaltzaile horiek boteretik kentzeko, eta berehala hauteskunde libreak dei ditzaten", esan du Uribek Cucutan, Venezuelako mugatik gertu, Maria Corina Machado oposizioko buruarekin batera egin duen agerraldian.
Espainian erbesteratuta dagoen Venezuelako oposizioko buru Leopoldo Lopezek ere begi onez jo du proposamena.
"Bide guztiak aztertu ostean, hauteskundeak botoen % 70rekin irabaztea barne, proposamena serio aztertzeko modukoa da. Esango nuke venezuelar gehienak ados daudela", adierazi du Lopezek X sare sozialean, Uriberi erantzunez, argitaratu duen mezuan.
Madurok, bestalde, "koldar" deitu dio Uriberi, eta "paramilitarra eta narkotrafikatzailea" izatea egotzi dio, nazioarteko interbentzio militar bat defendatu duela iritzita. Horregatik guztiagatik, esku-hartze horren buru izan dadila iradoki dio.