Mundua -
Gaza erasopean
Inoiz baino gertuago dago su-eten akordioa Gazan, Trump presidente bihurtzeko egun gutxi falta direnean
Aurrez, AEBko Segurtasun Nazionalerako aholkulariak adierazi du akordioa "oso-oso gertu" dagoela eta Trumpek presidente kargua hartu baino lehen (hilaren 20a) hel litekeela. Israelgo Atzerri ministroak berak onartu du "aurrerapausoak" eman dituztela zentzu horretan.
Agentziak | EITB Media
Joe Biden AEBko presidentea telefonoz mintzatu da Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin, eta Gazako Zerrendan "berehalako su etena" ezartzearen beharraz konbentzitzen saiatu da.
"Gazan su etena ezarri behar da, berehala. Borrokak eteteari buruz hitz egin dute, bahitutakoak etxera bueltatu daitezen eta laguntza humanitarioa zabaldu dadin", jakinarazi du Etxe Zuriak ohar batean.
Dohan egunotan egindako negoziazioak izan dituzte hizpide bi buruzagiek. AEBko administrazioak gogora ekarri duenez, negoziazioek iazko maiatzaren 27an adostutako proposamena dute oinarri, eta proposamen hark "NBEren Segurtasun Batzordearen erabateko oniritzia" izan zuen.
Aurrez, Jake Sullivan AEBko Segurtasun Nazionalerako aholkulariak adierazi du su etenaren akordioa "oso-oso gertu" dagoela, eta hilaren 20a baino lehen —Trump orduan jabetuko da karguaz— hel litekeela.
Israelek aurrerapausoak onartu ditu
Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroak astelehen honetan bertan aitortu du "aurrerapausoak" eman dituztela Hamasekin abiatutako zeharkako elkarrizketetan, eta itunak 2023ko urriaren 7an bahitutakoak askatzea ekarri behar duela nahitaez.
"Aurrerapausoak izan dira negoziazioetan", adierazi du prentsaurreko batean, Lars Lokke Rasmussen Danimarkako Atzerri ministroarekin batera, eta azpimarratu "bahituen gaineko akordioa" ari direla bilatzen.
Hala, Saarrek berretsi du "iraganean baino askoz hobea" dela egoera gaur egun, baina xehetasun gehiago eman gabe: "Badakit familia batzuk sentiberak direla esaten den hitz eta esaldi bakoitzarekin".
Larunbatean, Hamasen goi arduradun batek Al-Araby al-Yadid Qatargo egunkariari anonimotasuna gordetzeko eskatuz nabarmendu zionez, aurreakordio bat erdietsi dute, Netanyahuk oniritzia noiz emango.
Libanon su etena dago indarrean iazko azarotik, baina menia gorabehera, Israelgo Armadak Hezbollahren ustezko helburuak bonbardatu ditu asteburuan.