Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
Trumpek harrera batekin abiatuko ditu inbestidura ekitaldiak larunbatean, Washingtongo bere golf zelaian
Urtarrilaren 19an, Arlingtongo Hilerri Nazionala bisitatuko du eta, ondoren, mitin baten protagonista izango da hiriburuko estadio batean. 'The New York Times' egunkariaren arabera, Trumpek 170 milioi dolar baino gehiago bildu ditu inbestidura ekitaldietarako.
Agentziak | EITB Media
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidente hautetsiak harrera egingo du urtarrilaren 18an, Washington kanpoaldean duen golf zelaian. Horrela, bere inbestidurako ekitaldiei hasiera emango die. Golf zelaian su artifizialak botako dituzte, Trumpen lantaldeak gaur jakitera eman duenez.
Agendak urtarrilaren 19an jarraituko du, Arlingtongo Hilerri Nazionalera bisita eginez. Bertan, lore-koroa bat jarriko du Soldadu Ezezagunaren hilobian, eta, ondoren, hitzaldi bat emango du AEBko hiriburuko estadio batean, bere garaipena ospatzeko.
The New York Times egunkariaren arabera, Trumpek 170 milioi dolar baino gehiago bildu ditu inbestidura ekitaldietarako, besteak beste, Amazon eta Meta enpresa handien dohaintzek bultzatutako diru kopurua.
Urtarrilaren 20an, karguaz jabetzea
Karguaz jabetzeko ekitaldia urtarrilaren 20an izango da. Trumpek meza batekin hasiko du eguna, San Joan elizan, eta gero tea hartuko du Etxe Zurian, Joe Biden presidente ohiarekin.
Errepublikanoak, 2017 eta 2021 urteen artean Amerikako erraldoia gobernatu zuenak, eguerdian egingo du karguaren zina, Kapitolioko eskaileretan, eta, ondoren, lehen dekretuak sinatuko ditu eraikin berean.
Trumpek Kongresuan bazkalduko du, tropak ikuskatuko ditu eta Kapitoliotik Etxe Zurira egingo den ohiko desfilearen protagonista izango da, Pennsylvania etorbidean barrena.
Bulego Obalean dekretuak sinatzeko zeremonia bat izango da, eta, gauean, hiru inaugurazio-dantzaldi izango dira, presidenteak Melania Trump lehen dama berriarekin batera parte hartuko du.
Urtarrilaren 21ean, presidente berria Washingtongo Katedral Nazionalean egingo den mezan izango da.