Mundua -
GAZA
Gazan su-etena lortzeko negoziazioak, azken txanpan
"Azken xehetasunen faltan", Gazarako su-eten akordioa "gertu" dagoela iragarri du Qatarreko Atzerri Ministerioaren bozeramaileak.
AGENTZIAK | EITB Media
Gazan su-etena lortzeko negoziazioek zabalik jarraitzen dute Dohan (Qatar), Ameriketako Estatu Batuen bitartekaritzarekin, eta akordioa inoiz baino gertuago egon liteekela onartu dute aldeek.
"Azken xehetasunen faltan", akordioa "gertu" dagoela iragarri du Qatarreko Atzerri Ministerioaren bozeramaileak, asteroko prentsaurrekoan. Azaldu duenez, su-etena indarrean sartzeko mekanismoak adostea falta da.
Hedabideetara egindako filtrazioen arabera, su-etenerako eta bahituak eta presoak trukatzeko akordioak hiru fase izango ditu, eta Gazako Zerrenda berreraikitzea eta gobernu berria osatzea ere jasoko du.
Hamas ere ildo beretik mintzatu da, eta akordioa gertu egon daitekeela onartu du. Are gehiago, ez du baztertu iragarpena hurrengo orduetan edo asteazkenean egitea.
Israelgo Gobernuko funtzionario anonimo batek ere onartu du azken egunetan aurrerapauso "nabarmenak" egon direla eta negoziazioak momentu erabakigarrian daudela.
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidente hautetsia akordioa berak kargua hartu aurretik lortzeko presioa egiten ari da. Azaldu duenez, akordioa aste honen amaieran heldu daiteke.
Orain arte aldeek adostutako su-eten bakarrak (2023ko azaroan) astebeteko iraupena izan zuen, eta Hamasek 105 bahitu askatzearen truke 240 preso palestinar askatu zituen Israelek.
Hamasek 2023ko urriaren 7an egin zuen erasoan 1.200 pertsona inguru hil zituen Israelen. Geroztik, Israelek Gazako Zerrendaren aurka zuen setioa gogortu eta oldarraldia bizitu du, 46.645 hildako eta 110.012 zauritu eraginez, Gazako Osasun Ministerioak zabaldutako azken datuen arabera.
Hala ere, The Lancet aldizkari zientifiko britainiarrak ostiral honetan argitaratutako ikerketa batek ohartarazi du hildakoen kopuru ofiziala Gazako agintariek zabaldutakoa baino % 41 handiagoa izan daitekeela. Are gehiago, lehendabiziko bederatzi hilabeteetan —2023ko urriaren 7tik 2024ko ekainaren 30era— 64.260 pertsona hil dira, Gazako agintariek erregistratutako kopuruaren askoz gehiago.