Mundua -

Vatikanoa bitartekari

Kuba terrorismoa sustatzen duten herrialdeen zerrendatik kendu du Bidenek, eta Habanak 553 preso askatuko ditu

AEBko Gobernuak azaldu duenez, Vatikanoa bitartekari duen prozesu baten baitan hartu du erabakia Bidenek. Kubako Gobernuak azpimarratu du urrats "oso txikia" dela politika "krudel eta bidegabe" batean. "Gerra ekonomikoa bere horretan dago oraindik", kritikatu du Habanak.

Joe Biden AEBko presidentea. EFE
Joe Biden AEBko presidentea. EFE
Joe Biden AEBko presidentea. EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joe Biden AEBko presidenteak "terrorismoa sustatzen duten herrialdeen" zerrendatik kendu du Kuba, kargua utzi eta Donald Trumpek hartzeko astebete baino gutxiago falta denean. Segituan, Kubak iragarri du 553 preso askatuko dituela. Trumpek berriro sartu zuen Kuba zigor gogorrak ezartzea ahalbidetzen duen herrialdeen zerrenda horretan, bere lehen agintaldian, 2020 urtean.

AEBko Gobernuak azaldu duenez, Vatikanoa bitartekari duen prozesu baten baitan hartu du erabakia Bidenek. Ondorioz, alde batetik, preso horiek aske utziko dituzte. Bestetik, finantza-zigor batzuk bertan behera geldituko dira eta AEBko herritarrek Kuban dituzten jabetzak desjabetzea AEBko auzitegien bidez eskatzeko aukera ere ezerezean utzi du. 

Hartu dituzten neurrion trukean, Etxe Zuriak aurreratu du Kubako kartzeletan dauden preso kopuru "handi" bat askatuko zutela "denbora gutxian", tartean, 2021eko uztailaren 11ko protestetan parte hartu zuten pertsona batzuk.

Erabakiaren berri ematean, Bidenen administrazioak azaldu du azken urteotan kidetzat izan dituzten hainbat herrialdek eta nazioarteko erakundek (Europar Batasuna, Brasil, Kolonbia, Txile eta Kanada) Kuba zerrenda horretatik kentzeko eskatu izan dietela.

Kubako Gobernuak "norabide egokian hartutako erabakia" dela esan du. Joe Bidenen iragarpenaren ostean, uharteko Atzerri Ministerioak azpimarratu du urrats "oso txikia" dela politika "krudel eta bidegabe" batean. "Gerra ekonomikoa bere horretan dago oraindik", gaineratu du.

Kubaren aurkako "blokeo ekonomikoa eta dozenaka neurri hertsatzaileen zati handi bat" indarrean daudela gogorarazi du Habanak ohar batean.

Donald Trumpek sartu zuen azkenengoz Karibeko herrialdea zerrenda horretan 2021eko urtarrilean, agintaldia utzi aurreko egunetan. Orduan eman zuten arrazoia izan zen Kolonbiako ELN gerrillako kideak zeudela uhartean. Hain zuzen ere, Habanara iritsi berri ziren Kolonbiako Gobernuarekin bake-negoziazioak hasteko.

Zerrendan egotearen ondorioetako batzuk hauek dira: herrialde horri armak saltzeko debekua, esportazioen kontrol handiagoa, kanpo-laguntza murriztea, bisatuak eskuratzeko betekizun zorrotzagoak eskatzea eta hainbat zigor ekonomiko.

Kuba 1982etik 2015era bitartean egon zen "terrorismoa sustatzen dutenen" zerrendan. Barack Obama orduko AEBko presidenteak (2009-2017) bultzatu zuen herrialdea zerrendatik kentzea. Trumpek, ordea, Habanaren gaineko zigorrak gogortu zituen eta giroa desizoztea geldiarazi zuen bere agintaldian.

Azken urteetan, berriz, Bidenen Gobernuak uhartearekiko keinu batzuk izan ditu, hala nola Kubarako diru-bidalketen muga kentzea, nahiz eta orain arte zerrendan izan.

Prisoners Defenders (PD) gobernuz kanpoko erakundearen arabera, arrazoi politikoengatik 1.148 preso inguru daude Kuban.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Kuba Joe Biden