Mundua -
Hego Korea
Hego Koreako agintariek Yoon Suk-yeol presidente kargugabetua atxilotu dute
Goizaldean egin dute atxiloketa, bost orduz horren etxebizitza setiatu ondoren. Behin agintarien esku, deklaratzeari uko egin dio buruzagiak, eta sare sozialen bidez, gerra legea ezartzea defendatu du, "krisialdi bati aurre egiteko presidenteak duen eskumen gisa".
Agentziak | EITB Media
Hego Koreako agintariek bart atxilotu dute, hainbat saiakeraren ondoren eta bost orduz haren etxebizitza setiatu ondoren, Yoon Suk-yeol kargugabetutako presidentea.
Agintariak onartu egin du ikerketapean duen ustelkeriaren kontrako bulegoaren aurrean deklaratzea, eta horri esker egin dute atxiloketa Hego Korean 10:33 zirenean (02:33 Euskal Herrian), Yonhap herrialdeko albiste agentziak zabaldu duenez.
Goi Agintarien Ustelkeria kasuak ikertzeko Bulegoak (CIO, ingelesez), Poliziaren eta Estatuaren hainbat agentziaren laguntzarekin, Yoonen kontrako ikerketa du zabalik iazko abendutik. Presidente zela, gerra legea ezarri zuen Yoonek, handik gutxira Parlamentuak neurria baliogabetu eta kargugabetu bazuen ere.
Polizia dispositibo zabala eta protestak
Poliziak 3.000 agente baino gehiago erabili ditu atxiloketarako, eta Yoonen etxebizitza inguruak hesitu. Buruzagia babesteko jendetza bildu denez, agenteek ohartarazi dute euren jarduna oztopatzen duen edonor atxilotuko dutela, legea urratzea egotzita.
Yoonen 6.500 jarraitzaile inguru batu dira, baita horren alderdiaren 30 bat parlamentari, denak atxiloketa saihesteko asmoz.
Hainbat orduz, tentsio handiko uneak izan dira. Yoonen jarraitzaileek osatutako giza kateak eta etxebizitzaren inguruan paratutako barrikadak eta txarrantxak gainditu behar izan dituzte agenteek. Hego Korean 07:00ak zirenean, etxebizitzaren eremuan sartu ahal izan da Polizia, eskuko eskilara batzuk erabilita. Apurka-apurka hurbiltzen joan dira, eta etxebizitzaren egoitza nagusira sartu ahal izan dira. Orduan hasi dituzte atxiloketa egiteko negoziazioak.
Deklaratzeari uko egin dio
Azkenean, baina, atxikitzeari men egin dio kargugabetutako presidenteak, eta Goi Agintarien Ustelkeria kasuak ikertzeko Bulegoaren (CIO) egoitzara eraman dute.
Behin han, Yoonek ez du deklaratu nahi izan galdeketaren lehen bi orduetan, CIO agentziako funtzionario baten esanetan. Aldi berean, sare sozialetan duen profiletik buruzagiak eskuz idatzitako gutun bat zabaldu dute. Defendatu duenez, gerra legea "ez zen krimen bat izan, krisialdi bati aurre egiteko presidenteak duen eskumen bat baizik".
Aurrez, bideoa ere zabaldu du Yoonek. Horren arabera, haren kontrako ikerketa "legez kanpokoa" da, baina deklaratzea onartu du "odol gehiago isuri ez dadin".
Buruzagiaren defentsako abokatuek prentsaurrekoa emango dute hurrengo orduetan prozesuaren nondik norakoak azaltzeko.
Aurreneko aldiz atxilotu dute Hego Koreako presidente bat —berez, kargugabetuta dago abenduaren 14tik—.