Mundua -

Ameriketako Estatu Batuak

Bezos, Musk eta Zuckerberg hirukote aberatsa Trumpen kargu-hartzearen lehen lerroan izango da

Espero da oholtzaren alboan esertzea; presidente ohien, Trumpen familiaren, administrazio berriko kabineterako hautagaien eta ganberetako ordezkarien ondoan.

Ezkerretik eskuinera, Jeff Bezos, Mark Zuckerberg eta Elon Musk. Argazkia: EFE
Ezkerretik eskuinera, Jeff Bezos, Mark Zuckerberg eta Elon Musk. Argazkia: EFE
Ezkerretik eskuinera, Jeff Bezos, Mark Zuckerberg eta Elon Musk. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jeff Bezos, Elon Musk eta Mark Zuckerberg erraldoi teknologikoen jabeak Donald Trump presidente hautatuaren kargu-hartzean izango dira datorren astelehenean, AEBko hedabideen arabera.

Hirukote aberatsa oholtzaren alboan eseriko dela espero da; presidente ohien, Trumpen familiaren, administrazio berriko kabineterako hautagaien eta ganberetako ordezkarien ondoan, The Washington Post egunkariaren arabera.

Shou Chew eta Sundar Pichai TikTokeko eta Googleko zuzendari exekutiboak, hurrenez hurren, ere 'front row' horretan eseri daitezke, Trumpen langile batek NBC Newsi esan dionez.

The New York Times-ek ere baieztatu du Chewren parte-hartzea. TikTok AEBetan debekatzekotan daude; izan ere, baliteke aplikazioa denda digitaletan desagertzea, baldin eta txinatar jabetzako enpresak filial estatubatuarra ostirala baino lehen bertako enpresa bati saltzen ez badio.

Show Cheu TikTokeko zuzendari exekutiboa. Argazkia: EFE

Show Cheu TikTokeko zuzendari exekutiboa. Argazkia: EFE

Silicon Valleyren erraldoiek Trumpekin harremanak estutzea dute helburu, Etxe Zurian eman zuen lehen agintaldian (2017-2021) handi-mandia oso kritikoa izan baitzen sektorearekin.

Buruzagi errepublikanoak azaroan hauteskundeak irabazi zituenetik, AEBko konpainia teknologiko nagusietako zuzendari guztiak Mar-a-Lagoko (Florida) etxe arranditsuan hartu ditu.

Musk, munduko pertsona aberatsena eta Teslako arduraduna, urrats bat harago joan da, eta presidente hautetsiarekin bilera politikoetan parte hartu du haren egoitzan.

Ekarpenak

Enpresaburu dirudunek euren esker ona erakutsi diote Trumpi ekarpen ekonomiko handiak eginez: Amazonek, Metak, Googlek eta OpenAik milioi bateko dohaintzak egin dizkiote Trumpen inaugurazio-funtsari. Bestalde, Musk izan zen emaile handiena Trumpen 2024ko kanpaina politikoan.

The New York Times-en arabera, AEBko hiriburuan dozenaka ekitaldi izango dira, luxuzko hotel eta jatetxeetan diru asko bilduko dituztenak.

Zuckerbergek gala bat antolatuko du, Miriam Adelson emaile errepublikanoarekin batera Trumpen kargu-hartzea ospatzeko, bertako hedabideen arabera.

Ekitaldiak antolatuko dituen beste enpresa teknologiko bat Spotify izango da, eta 'brunch' bat eskainiko du Joe Rogan, Megyn Kelly eta Ben Shapirorekin.

Kriptodiruaren munduak ere alfonbra gorria jarriko dio Trumpi, 'Crypto Ball' batekin. Ekitaldi horrek sarrera guztiak salduta ditu, ostiral gauean izango da, eta Snoop Dogg rap abeslariak kantatuko du bertan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Facebook Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Google Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Instagram Melania Trump Enpresaburuak Amazon TikTok