Mundua -
Ekialde Hurbila
Bahituen askapenari buruz ohartarazi du Trumpek: "Hobe da nik karguaren zina egin aurretik gauzatzea"
Bestalde, AEBko jarduneko presidente Joe Bidenek esan du palestinarrek lurraldetasunarekin lotuta dituzten kezkei erantzun behar diela Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, Israelen segurtasuna bermatu nahi badu.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
AEBko presidente hautatuak, Donald Trumpek, ohartarazi du hobe dela Israelen eta Hamasen arteko su-eten akordioa berak astelehenean karguaren zina egin aurretik gauzatzea, eta bahituak askatzea.
"Ibilbide guztia alda dezakegu, agudo aldatu ere. Horregatik, zinez, hobe da lehenbailehen egitea. Eskua eman genuen, eta zenbait dokumentu sinatu genituen, baina gauzatu beharra dago", esan du AEBko podcast ezagun bati emandako elkarrizketan.
Gazako Zerrendan menia lortzeko negoziazioetan Ekialde Hurbilera bidali zuen bitartekari berezi Steve Witkoffek izandako eragina azpimarratu du. "Sekula ez litzateke su-etena lortuko, gu tartean izan ez bagina, eta bahituak denbora oso luzean ez lituzkete askatuko", adierazi du.
Bestalde, AEBko presidente Joe Bideni "adeigabea" izatea aurpegiratu dio, su-etena lortzeko "ezertxo ere ez" duela egin iritzita. "Azken hiru urteetan infernuan egon diren pertsona horiek askatu nahi ditut, eta horixe egiten saiatuko gara", erantsi du.
Halaber, berretsi du "2023ko urriaren 7ko tragedia ez zen gertatuko ni presidente izan banintz".
Bidenen ustez, Netanyahuk palestinarren kezkei erantzun behar die
AEBko jarduneko presidente Joe Bidenek esan du palestinarrek lurraldetasunarekin lotuta dituzten kezkei erantzun behar diela Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, Israelen segurtasuna bermatu nahi badu.
"Nire lagun Netanyahuri gogorarazi diot —laguna da, azkenaldian oso ados ez gauden arren— palestinarren ardurei irtenbide bat ematen saiatu behar dela", zehaztu du.