Mundua -

Inbestidura

Ziurgabetasuna dakar Trumpen bigarren agintaldiak

Euskal Herrian 18:00ak direnean egingo du karguaren zina Kapitolioan, mundu osoko eskuin-muturreko buru eta teknologia alorreko enpresari handien babespean. AEBko 47. presidentea izango da, 2024ko azaroaren 5eko hauteskundeetan Kamala Harris egungo presidenteordea garaitu baitzuen.

Donald Trump. Artxiboko argazkia: EFE
Donald Trump
Donald Trump. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur, urtarrilaren 20an, itzuliko da Donald Trump Etxe Zurira, atzerri politikako agenda lepo beteta. Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gatazkak izango ditu bigarren agintaldi honetan erronka nagusien artean, "gerra berririk" egongo ez dela hitzeman baitzuen.

Eguerdian egingo du karguaren zina Kapitolioan, eta gauean, lehen dekretuak sinatu ondoren (batzuk Kongresuan eta beste batzuk Etxe Zurian), inaugurazio ekitaldietan hartuko du parte, lehen dama Melania Trumpekin batera.

AEBren historian 58 bider egin den zeremonia errepikatuko da, beraz, bihar, 12:00etan hasita (18:00ak Euskal Herrian), 200.000 pertsonaren aurrean, agintariek aurreratu dutenez.

Kapitolioko prozesioa amaitutakoan hartuko dute kargua presidenteordeak eta presidenteak.

Geroago, Trumpek lehen berbak egingo ditu, presidente gisa, jendaurrean, eta behin agerraldia amaituta, presidente kargua utziko duen Joe Biden, eta Jill emaztea, lehen dama, Kapitoliotik joango dira.

Zeremonian, mundu osoko eskuin-muturreko buruzagiek eta teknologia alorreko enpresa handietako jabeek hartuko dute parte. Trumpek berak aurreratu du "nazioaren batasuna" izango duela bere hitzaldian hizketagai nagusi.

AEBko 47. presidentea izango da Trump, 2024ko azaroaren 5eko hauteskundeetan Kamala Harris egungo presidenteordea garaitu baitzuen.

Hauteskunde-kanpainan, irmo eutsi die lehen agintaldian (2017 eta 2021 artean) heldutako zenbait gairi; Txinako muga zergei eta NATOri egindako kritikei, besteak beste. Gainera, Groenlandia eta Panamako kanala ditu orain jomugan.

Esan bezala, gerra berririk ez sortzeko promesak ere leku garrantzitsua izan zuen kanpainan. Halaber, Ukrainako gerrari irtenbidea bilatzeko konpromisoa ere hartu zuen, berak "Moskuren eta Kieven arteko negoziazioak bideratuta" gatazka hori "24 orduan" amaiarazi dezakeela esanez.

"Deportazio masiboak"

Behin karguan dela, deportazio masiboak egingo dituela promestu du Trumpek. Asteartean bertan, sarekadak egingo dituzte Chicagon. Estrategikoki aukeratu dute hiri hori, bertan migratzaile asko bizi direlako eta gotorleku demokrata delako.

Iragarpen horrek oihartzun handia izan du AEBn nahiz AEBtik kanpo.

"AEB, aurretik"

Testuinguru horretan, Trumpek argi du AEB izan behar dela denetan lehena, alegia, Washingtonen interesak lehenetsiko dituela, "baita atzerri politikaren aurretik ere". Presidente hautatuak Txinan jarri du arreta, bereziki merkataritza arloan.

Nazioartea, bestalde, aiduru dago Trumpen itzuleraren aurrean, bigarren agintaldi honetan gai askotan are zorrotzagoa izango dela iritzita. 

Groenlandia, Kanada eta Panamako kanalaren gaineko mehatxuak izan dira atzerri politikan nondik nora joko duen argitzeko arrasto garrantzitsuenak.

Oligarkia berria

Bere agurrean, Bidenek Silicon Valleyko aberats okituen "oligarkiaz" ohartarazi zuen mundua. Alphabet (Google), Amazon, Apple eta Meta (Facebook) konpainien buru diren Sundai Pichar, Jeff Bezos, Tim Cook eta Mark Zuckerberg, esaterako, Trumpen kargu-hartze ekitaldian egongo dira. Kanpainan, bestalde, Elon Musk (munduko gizonik aberatsena eta X sare sozialaren presidentea) babesle leial izan du, eta laguntza ekonomikoa eman dio.

Atzerriko buruzagien partaidetza ez da oso ohikoa izaten horrelako ekitaldietan, baina mundu osoko eskuin-muturreko ordezkarien batasuna aldarrikatze aldera, besteak beste, Argentinako presidente Javier Milei, Italiako lehen ministro Giorgia Meloni eta El Salvadorko presidente Nayib Bukele gonbidatu ditu Trumpek. Viktor Orban Hungariako lehen ministroak, aldiz, uko egin dio gonbidapenari. 

Village Peoplek hartuko du parte inaugurazio ekitaldian

Village People talde estatubatuarrak eta Lee Greenwood abeslariak jarriko diete musika asteleheneko ekitaldiei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump