Mundua -

Trumpen inbestidura

AEBko 'oligarkia' teknologikoak besoak zabalik hartu du Trump eta haren ideario osoa

AEBko 'Big Tech' deiturikoek milioi mordoa eman dute, eta horien eta beste batzuen ekarpenekin, 170 milioi dolar bildu ditu Trumpek inbestidurarako. Ekitaldi horren ostean, ordea, Trumpen aliatu ultra aberats ugarik parte hartuko dute horren administrazioan, agentzien buru edo aholkulari gisa.

Trumpek milioi sorta jaso du AEBko enpresa teknologiko garrantzitsuenen partetik.
Trumpek milioi sorta jaso du AEBko enpresa teknologiko garrantzitsuenen partetik.
Trumpek milioi sorta jaso du AEBko enpresa teknologiko garrantzitsuenen partetik.

Agentziak| EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBko super aberatsen eliteak, Silicon Valleyko liderrak buru, besoak zabalik hartu du Donald Trumpen bigarren agintaldia, eta babes ekonomiko 'eskuzabala' erakusteaz gain, woke (eskuinak ideia edo pertsona aurrerakoiak tonu mespretxagarrian izendatzeko erabiltzen duen hitza) guztien kontrako ideiak babestu dituzte, minorien inklusioari, zentsurari edo monopolioei dagokionez. 

Silicon Valleyren eta presidente hautatuaren arteko idilio politikoa kargu-hartze ekitaldian gauzatuko da; izan ere, Tesla, Amazon eta Metaren exekutiboek, munduko gizonik garrantzitsuenetakoak eta ekitaldiaren babesleak, Trumpen, Trumpen gobernuko kideen, legegileen eta presidente ohien eserlekuetatik gertu jarriko dira

Ez da arraroa handiki eta enpresa handiek inbestidura ekitaldiak babestea, baina, Hauteskunde Batzorde Federalak emandako datuen arabera, Trumpek 170 milioi dolar lortu ditu ekitaldi horretarako, inoiz presidente batek bildu duen dirutza handiena; Bidenek duela lau urte 62 milioi bildu zituen. 

AEBko 'Big Tech' deiturikoek milioi mordoa eman dute, eta horien eta beste batzuen ekarpenekin, 170 milioi dolar bildu ditu orotara Trumpek inbestidurarako. Ekitaldi horren ostean, ordea, Trumpen aliatu ultra aberats ugarik parte hartuko dute haren administrazioan, agentzien buru edo aholkulari gisa. Horretaz ohartarazi zuen kargua utzi aurretik Joe Bidenek, bere azken hitzaldian. 

"Une honetan, oligarkia bat sortzen ari da Estatu Batuetan, muturreko aberastasun, botere eta eragin kontzentrazio baten gainean eraikia", adierazi zuen demokratak, "demokraziaren, oinarrizko eskubide eta askatasunen eta aukera-berdintasunaren etorkizunaz" kezkatuta.

Bistakoa da Trumpengana gerturatzeak fruituak ematen dituela, eta horren erakusgarri da Trumpen hautagaitza sustatzeko 270 milioi dolar eman zituen Elon Musk haren alboko bihurtu izana. 

Gainera, eta horra hor aliantza horren etekinetako bat, Musk izendatu du Trumpek Gobernu Efizientziarako Agentziaren (DOGE) buru, administrazioa 'argaltzea' helburu duena. 

X-ren talaiak ematen dion boterea erabili du Muskek du AEBko kontserbadoreen 'gerra kulturala' elikatzeko, aniztasun, berdintasun eta inklusioaren (DEI, ingelesez) woke ideien aurka, eta zentsuratzat jotzen den zuzentasun politiko baten aurka.

Eskuinerantz norabide aldaketa 'gerra kulturalean'

Muskek eta Trumpek partekatzen duten gurutzada horren isla da enpresa teknologiko handiak eskuinera biratzen hasi izana; izan ere, lehen politikariaren etsai zirenak edo ziruditenak hari bidea erraztera pasatu dira; harekin bildu dira, eskua eskaini diote eta euren politika korporatiboetan aldaketak egin dituzte askatasunaren izenean, ordura arte onartezin ziren iritziei lekua eginez. 

Metak, esaterako, bere DEI politikak desegin ditu eta edukien egiaztapen independentea ezabatu du, X-ren antzeko ohar komunitarioen sistema bat aplikatzeko; Mark Zuckerberg buruak bideo batean adierazi zuenez, AEBko hauteskundeak "adierazpen-askatasunaren lehentasuneranzko inflexio-puntu dira", bere ustez. 

Amazonek ere bere egin du Trumpen ildo ideologikoa, eta LGTBQI langileentzako eta arraza gutxiengoentzako neurri inklusiboak ezabatu ditu, teknologiaren sektoretik kanpo gauza bera egin duten beste batzuek (Walmart, McDonald's, Boeing eta Ford) egin duten bezala.

Jeff Bezos Amazonen sortzaileak bakeak egin zituen Trumpekin, eta "baikor" agertu zen haren ahalegin desregularizatzailearen aurrean. 2013tik Bezosen esku dagoen The Washington Post egunkariak hautagaitza politikoak babesteari utzi zion, eta handiki teknologikoen Trumpenganako debozioa satirizatzen zuen bineta bat erretiratu du duela gutxi.

David Solomon Goldman Sachs finantza-enpresako buruak asteazkenean konferentzia batean baieztatu zuen "CEOen konfiantzan norabide nabarmena" dagoela,  "AEBko hauteskundeetako emaitzen ondoren bereziki". 

Meta eta Alphabet jazarriak izan dira sarri Biden aroan monopolioen aurkako agintarien partetik. Normalean finantza-sektorearentzat mozkin asko ekartzen dituzten fusio- eta erosketa-eragiketetarako urte txarrak izan dira, demokratek enpresa-kontzentratzearen aurkako politikak izan baitituzte. 

Inbestidurako beste emaile teknologiko batzuek, Microsoftek eta OpenAIk, esaterako, interesa agertu dute Adimen Artifiziala (IA) garatzeko akordioetan, hain zuzen ere AEBk lider izan nahi duen eremu teknologikoa elikatzen duten datu-zentroei eusteko energia-eskaria handitzen hasi den aldi berean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Apple Facebook Teknologia Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Google Sare sozialak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Microsoft Instagram Amazon