Mundua -

Geopolitika

Putinek eta Pezexkianek Errusiaren eta Iranen arteko akordio estrategikoa sinatu dute

Vladimir Putin eta Masud Pezexkian Errusiako eta Irango presidenteek, hurrenez hurren, Kremlinen sinatu dute akordioa. Agintari errusiarrak antzeko akordioak sinatu ditu azken urteotan Txinarekin eta Ipar Korearekin.

Vladimir Putin eta Masud Pezeshkian akordioaren sinadura ekitaldian, Kremlinen. Argazkia: EFE
Vladimir Putin eta Masud Pezeshkian akordioaren sinadura ekitaldian, Kremlinen. Argazkia: EFE
Vladimir Putin eta Masud Pezeshkian akordioaren sinadura ekitaldian, Kremlinen. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vladimir Putin eta Masud Pezexkian Errusiako eta Irango presidenteek, hurrenez hurren, 'Elkartze Estrategiko Integralerako Akordioa' sinatu dute gaur. Kremlinen egin dute sinadura ekitaldia, bi estatuetako ordezkariek hainbat ordu negoziatzen eman ondoren.

"Gure herrialdeak garrantzi handia ematen dio Errusiaren eta Iranen arteko harreman adiskidetsuak eta auzotasun ona sendotzeari", esan du Putinek, eta lankidetza hori berdintasunean eta elkarrekiko errespetuan oinarritzen dela nabarmendu du.

Kremlingo buruak antzeko akordioak sinatu ditu azken urteotan Txinarekin eta Ipar Korearekin, eta pozik agertu da Pezexkianekin izandako negoziazioen emaitzarekin.

Bi aldeen arteko merkataritzaren hazkundea, energiaren arloko akordioak eta Errusiak Buxehrko zentral nuklearrean bi erreaktore berri eraikitzeko hartutako konpromisoa goraipatu ditu Putinek.

Mendebaldeko zigorren aurrean

Era berean, azpimarratu du Moskuk eta Teheranek jarrera bera dutela nazioarteko gai askotan, bai eta Mendebaldeko alde bakarreko zigorrei aurre egiteko orduan ere.

Bi herrialdeen arteko harremanak ez ezik, Putinek eta Pezexkianek Ekialde Hurbileko gatazka izan dute hizpide.

Putinek ahotan, Moskuk Damasko babesten jarraituko du herrialdeko egoera normalizatzeko, Baxar al-Assad buruzagi siriarra agintetik kendu ostean. Azken hori abenduan erbesteratu zen Errusian, baina gaineratu du siriarrak direla bere etorkizuna atzerriko esku-sartzerik gabe erabaki behar dutenak.

'Elkartze Estrategiko Integralerako Akordioa' Donald Trump AEBko presidenteak karguren zina egiteko hiru egun falta direnean sinatu dute bi agintariek.

Hala eta guztiz ere, Moskuk eta Teheranek ukatu egin dute aliantza militar bat eratzeko asmoa izatea eta euren akordioa hirugarren herrialdeen aurkakoa izatea. Era berean, baztertu egin dute iaz Ipar Korearekin sinatutakoa bezalako eraso-kasuetan elkarri laguntzeko klausula bat sartzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Iran Israel Palestina Siria Ekialde Hurbila